Edonola ere, leku itxietan zein iraganbide publikoetan egiten diren bilerak eta kale-agerraldiak baketsuak eta armarik gabekoak izan behar dira, eta horien xedea ez da izan behar delituak egitea, hori guztia Zigor Kodean zigortuta baitago (513. art. eta h.). Irizpide horiek oinarri hartuta esan daiteke bilera edo kale-agerraldi bat desegitea bidezkoa den edo ez, BELOren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera gobernu-agintariak bilerak eta kale-agerraldiak eten egingo baititu zigor-legeen arabera zilegiak ez direla ulertzen denean, ordena publikoa asaldatzen denean, pertsona eta ondasunen aurkako arriskuaz, eta bildutakoek uniforme paramilitarrak daramatzatenean. Nolanahi den ere, BELOn ez da zehapenik ezarri, eta jakinarazpenik ez egotea edo jakinarazitakotik desbideratzea ez da bilera desegiteko arrazoi moduan aipatu; legearen arabera, kasu horiek, legean ezarritako betekizunak betetzen ez direnez, ez dira benetako bilerak, hitzaren lege-esanguran. 3. Elkartzeko eskubidea Elkartzeko eskubidea pentsamenduak azaltzeko, adierazpenak egiteko eta bilerak egiteko askatasunen luzapen bat da, eta parte-hartzeko eskubideen aurretiazko pausoa; izan ere, sistema demokratiko batean, parte-hartzea, batez ere politikoa, elkartze modu zehatzen bidez egiten da, esaterako alderdi politikoen bidez. Oinarrizko eskubide hau EKren 22. artikuluan ezarri da, eta martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak, Elkartzeko Eskubidea Arautzekoak (EELO), garatu du. Lege organiko honetan xedatutakoak arautuko du elkartzeko eskubidea izaera orokorrarekin. Lege honen aplikazio-esparrura bildu dira irabazteko asmorik izan ez eta elkarteen araubide berezi baten mende ez dauden elkarte guztiak. Beraien legeria bereziaren arabera arautuko dira alderdi politikoak; sindikatuak eta enpresaburuen erakundeak; eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoak; kirol-federazioak; kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak; bai eta lege bereziek araututako gainerako elkarteak ere. Lege honen aplikazio-esparrutik kanpo geratzen dira ondasunen eta jabeen erkidegoak, eta sozietate-kontratuari buruzko xedapenek araututako erakundeak, kooperatibak eta mutualitateak, bai eta enpresen aldi baterako batasunak eta interes ekonomikodun elkarteak ere. EELOn estatu mailako elkarteei aplikatzeko moduko arauketa eta elkartzeko eskubidearen oinarrizko edukiak jaso dira, estatu osoan aplikatzeko modukoak, gai horretan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek garatu ditzaketenak, kasuan kasuko Elkarteen Legeak ematean (uztailaren 23ko 173/1998 KAE). Elkartzeko eskubidea dela bide, pertsona orok beste pertsona batzuekin modu formalean elkarte iraunkorrak sortu ditzake, xede erkide batzuk lortzeko, irabazteko asmorik gabe. Ezaugarri horiei esker bereizten dira elkar417
Konstituzio zuzenbidearen.indd 417
12/11/07 11:50:07