moralaren babesari lotuta interpretatu dira. Konstituzio Auzitegiak onartu du morala komunikazio-askatasunaren muga izan daitekeela, baina ohartarazi du moral publikoaren esangura aldatu egiten dela garaiaren eta kulturen arabera. Hori dela eta, saihestu egin behar da kontzeptu etiko baten argitan antolamendu juridikoan oinarrizkoa den funtsezko eskubide bat justifikaziorik gabe mugatzea (urriaren 15eko 62/1982 KAE). 2. Bilerak egiteko eskubidea Eskubide indibidualek pertsona bakoitzaren jarduera-esparrua botere publikoek zein partikularrek egindako kanpoko esku-hartzeetatik babesten dute eta pertsona gisa duen duintasunetik zuzenean eratorritakoak dira. Baina eskubide politikoak harago doaz, herritarrek gai publikoen kudeaketan parte hartzea lortu nahi dutelako eta banakako askatasunak egikaritzea askatasun kolektiboaren gainetik ipintzen baitute; beraz, banakako eskubideen zuzeneko ondorioak dira. Eskubide politiko horien barruan, bilerak egiteko eskubideak lehentasunezko tokia du, eta aniztasun politikoari eta adierazpen-askatasunari estu-estutik lotuta dago. Izan ere, Konstituzio Auzitegiak esan duen moduan, honela uler daiteke: adierazpen-askatasunaren agerpen kolektiboa, behin-behineko elkartze baten bidez (apirilaren 28ko 85/1988 KAE). Egia esan, gaur egun, adierazpen-askatasuna komunikabideen bidez bideratzen da gehiago bilerak egiteko eskubidearen bidez baino, eta bilerak jarrerak adieraztera bideratuta daude —kaleagerraldi izenekoak— pertsonak ideiak trukatzeko biltzera baino gehiago. Hori dela eta, gaur egun, bilerak egiteko eskubidea, batez ere, kale-agerraldiak egiteko eskubidea da. Eta, hain zuzen ere, gaur egun, igarobide publikoetan kale-agerraldiak direla bide egiten diren bilerek eragiten dituzte arazo gehien. Bilerak egiteko eskubidea EKren 21. artikulura bildu da. Hain zuzen ere, artikulu horretan bilera baketsu eta armarik gabekoak egiteko eskubidea aitortu da, eta eskubide horren egikaritzak aurretiazko baimenik ez duela behar ezarri da. Oinarrizko eskubide hori Bilera Eskubidea Arautzeko uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoaren bidez garatu da (aurrerantzean BELO). Lege horren arabera, bilera da hogei pertsonatik gora batzea, adostuta eta aldi baterako, helburu jakin batekin. Horrenbestez, bilerari buruz esangura hertsian hitz egin ahal izateko, betekizun batzuk bete behar dira, pertsonen pilaketa hutsetik bereizteko. Irizpide horiek Legean eta konstituzio-jurisprudentzian ezarri dira (apirilaren 28ko 85/1988 KAE), eta hurrengo hauek dira: a) aurretik adostea: hain zuzen ere, horrek osagai subjektibo bat du, hau da, bertaratuek badakite zein bileratara doazen, bilera horrek zein xede duen, eta bertara borondatez joaten dira. Horre413
Konstituzio zuzenbidearen.indd 413
12/11/07 11:50:07