irrati- eta telebista-emanaldiak, proiekzio zinematografikoak eta antzerkiantzezpenak eten ditzakeela, betiere, Kongresuaren baimenak Konstituzioaren 20. artikuluaren 1 a) eta d) eta 5. idatz-zatiak etetea dakarrenean. Era berean, argitalpenen bahitura ere agin daiteke, baina ahalmen horiek egikaritzeak ez du ekarriko aldez aurretiko inolako zentsurarik. 1.7. Ekoizpenerako eta sortze literario, artistiko, zientifiko eta teknikorako askatasuna EKren 20.1.b) artikuluak ekoizpen eta sortze literario, artistiko, zientifiko eta teknikorako eskubidea babesten du, eta hori pentsamenduak, ideiak eta iritziak askatasunez adierazi eta zabaltzeko eskubidearen zehaztapena da, EKren 20.1.a) artikulura bildutakoa (azaroaren 7ko 153/1985 KAE eta martxoaren 18ko 35/1987 KAE). Eskubide horrek adierazpen-askatasuna bi esparru handitan egikaritzea babesten du: lehenengo eta behin, sortze edo ekoizpen artistiko eta literarioaren esparruan; horren barruan, genero guztietako sortze-lana, edozein komunikabidetan eta igorritako edozein mezuri lotuta egongo litzateke, hau da, emozio edo sentipen estetikoei zein ideia eta iritziei; bigarren, eta sortze zientifiko eta teknikorako askatasunari dagokionez, ekarpen teorikoak zein aplikazio tekniko edo praktikoak sartuko lirateke barruan. Ikus daitekeenez, eskubidea modu zabalean formulatuta dago, baina oinarrizko eskubide guztien moduan, mugak ditu, oinarrizko beste eskubide batzuetatik eratorritakoak, esaterako ohoretik (martxoaren 23ko 43/2004 KAE). Nolanahi den ere, oinarrizko eskubide hori eta jabetza intelektual eta industrialerako eskubideak bereizi egin behar dira. Azken horiek hainbat testuren bidez arautu dira, besteak beste: apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena; martxoaren 20ko 11/1986 Legea, Asmakuntza Patenteena eta Baliagarritasun Modeloena; abenduaren 7ko 17/2001 Legea, Markena; uztailaren 7ko 20/2003 Legea, Industria Diseinuaren Babes Juridikoari buruzkoa, etab. EKren 20.1.b) artikulura bildutako eskubidea oinarrizko eskubidea da, eta oztoporik gabe sortu eta adierazteko egintzarekin osatzen da. Aitzitik, jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubideak sortutako lanaren gaineko eskubideak dira, ondare-izaera dute eta, beraz, printzipioz, ez dira sartzen EKren 20.1.b) artikuluan ezarritakoan (ekainaren 2ko 197/1982 KAA). Puntu bati dagokionez, eskubide desberdinek bat egin dezakete: egile-eskubide moral izenekoaz ari gara, jabetza intelektualaren legerian babestuta dagoena (14. art.). Horrek lotura izan dezake ekoizpen eta sortze literario eta artistikorako eskubideekin. Eskubide hori dela bide, egileak 409
Konstituzio zuzenbidearen.indd 409
12/11/07 11:50:06