maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoa, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta bakoitzaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzkoa (205. art. eta h.). 1.3.2. Egiazko informazioa jasotzeko eskubidea EKren 20.1.d) artikuluaren hitzez hitzekotasunari erreparatuz, itxuraz, egiazko informazioa komunikatzeko zein jasotzeko eskubidea jaso dira. Eskubide horri dagokionez, GEEAk adierazi du (GEEAE hauek: 1976ko abenduaren 7koa —Handsyde kasua—, 1979ko apirilaren 26koa —Sunday Times kasua—, 1991ko maiatzaren 23koa —Oberschilck kasua—, 1991ko azaroaren 26koa —Sunday Times II kasua—, etab.) prentsak informazioa zabaltzeko duen eginkizunarekin batera jendeak informazioa jasotzeko eskubidea duela. Hala ere, Konstituzio Auzitegiak, egiazko informazioa jasotzeko eskubideari buruzkoa interpretatzerakoan, konstituzio-testuaren interpretazio murriztailea egin zuen; egiazko informazioa askatasunez jasotzeko eskubidea informazioa zabaltzeko eskubidearen erredundantzia zela adierazi zuen, azken horrek, kasu guztietan, hartzaile bat egotea eskatzen du eta. Edozelan ere, konstituzio-testuan sartzea justifikatu zuen informazio-askatasunaren aurkako gizarte-asaldura guztiak aurkaratzeko legitimazioa zutenen multzoa ahalik gehiena zabaltzeko (martxoaren 16ko 6/1981 KAE). Horren arabera, gizarte-komunikazio askeari jarritako oztopo ez-legitimo guztiek ukitutako herritarrek egintza egokiak egikaritzeko legitimazioa izango dute, esaterako, botere publikoen jardun jakin batzuen aurrean. Baina botere publikoek informazio-aniztasuna defendatzeko egintzarik ez egitearen aurrean babesa alegatzeko aukerak zaila dirudi. 1.4. Komunikabideak sortzeko askatasuna Nola ez, iritziak edo informazioak zabaltzeko komunikabideak behar dira eta, beraz, komunikabideak modu askean sortzea EKren 20. artikuluko adierazpen- eta komunikazio-askatasunerako eskubide instrumentala da. Konstituzio Auzitegiak hala adierazi zuen martxoaren 31ko 12/1982 epaian eta abenduaren 7ko 74/1982 epaian. Epai horietan ezarritakoaren arabera, ideia eta iritziak zabaltzeko eskubidera zabalkunde hori bermatzeko baliabide materialak sortzeko eskubidea bilduko litzateke. Baina, era berean, Konstituzio Auzitegiaren arabera, eskubide honek, iritziak eta informazioa komunikatzeko eskubidearen baliabide instrumentala den heinean, ez du azken horren babes bera. Hiru muga dituela adierazi zuen, batez ere uhin hertziarren bidez hedatzen diren irratia eta telebista ukitzen dituztenak; izan ere, bi komunikabideek difusio-esparru mugatua hartzen dute: espazio irrati-elektrikoa. 402
Konstituzio zuzenbidearen.indd 402
12/11/07 11:50:05