ez prestazio-izaera, botere publikoek hori bermatzeko jardunak egin behar dituzte, esaterako adierazpen-askatasunak euskarri material moduan erabiltzen dituen komunikabideak antolatu (abenduaren 23ko 86/1982 KAE, maiatzaren 20ko 63/1987 KAE). Auzitegiaren hitzak erabiliz, esan dezakegu EKren 20.1.a) artikuluko adierazpen-askatasuna askatasun-eskubidea den arren eta izaera orokorrarekin abstentzioa soilik eskatzen duen arren, hau da, botere publikoek askatasun hori egikaritzeko oztoporik edo eragozpenik ez izatea (abenduaren 20ko 77/1982 KAE), kasu jakin batzuetan, botere publikoek modu positiboan jardun beharko dutela ideiak eta iritziak adierazi eta zabaltzeko euskarri moduan erabiltzen diren baliabideak antolatzeko. Hipotesi hori, titulartasun publikoko komunikabideei dagokienez, EKren 20.3 artikuluan esanbidez jaso da. Artikulu horren arabera, legeak adierazgarri diren gizarte-talde eta talde politikoei bermatuko die komunikabide horietan parte hartzea, Espainiako gizarte-aniztasuna eta hizkuntzak errespetatuz. 1.2. Adierazpen-askatasuna esangura hertsian Adierazpen-askatasuna, esangura hertsian, EKren 20.1.a) artikuluan jasotakoa, pentsamenduak, ideiak eta iritziak hitzez, idatziz nahiz beste edozein bidetatik askatasunez azaldu eta zabaltzeko eskubidea da. Igorritako mezua nahitaez ez da hitzezkoa izango, komunikazio-teknika guztiak eta arte-adierazpen guztiak barruan baitaude, betiere, adierazi nahi dena mezu bat, ideia bat, iritzi bat, etab. bada. Horren bidez, babestu egiten dira komunikazio-jarduera bakarra (mintzaldia, hitzaldia, etab.) zein hori entzule gutxi batzuei edo gehiagori zabaltzea edozein erreprodukzio-teknika erabiliz, adierazpen-askatasuna egikaritzen duenaren eta komunikazioaren hartzaile direnen artean zuzeneko lotura egon zein ez. Jarduera horrek askea izan behar du; horrenbestez, ezin da aurretiazko murrizketarik egon, ez botere publikoen aldetik —hori zentsura mota bat izango litzateke, eta hori EKren 20.2 artikuluak debekatzen du—, ez pertsona pribatuen aldetik (salbu eta aldi berean beste eskubide batzuk modu legitimoan egikaritzen direnean, eta eskubide horiek adierazpen-askatasunaren muga direnean. Horiek EKren 20.4 artikuluan jaso dira, besteak beste, ohorerako eta intimitaterako eskubideak), eta bermatu egin behar dira esparru guztietan. Eskubide hori zabala eta orokorra da; izan ere, adierazpen-egintza bat 20.1 artikuluko gainerako kasuen barruan sartzen ez bada, 20.1.a) artikuluko adierazpen-askatasunak babestu dezake. 1.3. Informazio-askatasuna Ikusi berri dugunarekin zuzenean lotuta, EKren 20.1.d) artikuluan edozein hedabidetatik askatasunez egiazko informazioa komunikatu edo jaso398
Konstituzio zuzenbidearen.indd 398
12/11/07 11:50:05