dea nolabait mugatu zezakeen (agian, segurtasun-neurriak oinarri hartuta edo neurri ekonomikoak; edonola ere, horiek zehatz justifikatu behar zituen), betiere, eskubidearen funtsezko edukia ukitzen ez bazen. Edozelan ere, konstituzio-testuan muga gaindiezina ezarri da, eskubide hori ezin baitute mugatu arrazoi politiko edo ideologikoek. Neurri horiek gertatuko balira, neurri orokorrak izango lirateke, eta ez pertsona zehatzei dagozkienak. Nola ez, bizilekua askatasunez aukeratzeko eta nazioaren lurraldean zehar ibiltzeko eskubideekin gertatzen den bezala, eskubide hori zigor-izaerako neurriek muga dezakete, zehapenek zein prebentzio-neurriek (gogoan izan ditzagun, esaterako, pertsona batzuei auziperatze kasuan eta, nola ez, zigor-kondena dagoenean Espainia uztea debekatzen dieten ebazpen judizialak). Europako erkidegokoak diren atzerriko herritarrei dagokienez, horien egoera espainiarrenarekin parekatuta egongo litzateke, eta nazioaren lurraldean ibiltzeko eta bizilekua aukeratzeko askatasunak jorratzean aipatutako arautegia aplikatuko litzateke. Mugetan kontrolak eteteari dagokionez, ez da ahaztu behar Schengeneko Akordioan ezarritako kontrolen gabezia Akordioan ezarritako inguruabar jakin batzuetan eten daitekeela. Amaitzeko, Europakoak ez diren atzerritarrei dagokienez, horiek, Espainiako lurraldean sartzeko, Atzerritarrei buruzko Legean ezarritako betekizunak bete behar dituzte (ALOren 25. art. eta h.), eta Espainiako lurraldetik askatasunez irten daitezke, Zigor Kodean eta ALOn ezarritako kasuetan izan ezik, segurtasun nazionaleko edo osasun publikoko arrazoiengatik. Irteera nahitaezkoa izango da agindu judiziala dela bide kanporatzen denean, eta atzerritarra kanporatzea edo itzultzea erabakitzen denean ALOn ezarritako kasuetan, bai administrazioak ukatu egiten dituelako Espainiako lurraldean jarraitzeko egindako eskabideak, bai atzerritarrek baimenik ez dutelako Espainian egoteko. 9. Ezkontzeko eskubidea EKren 32. artikuluan ezkontzeko eskubidea jaso da, eta hori berritzailea da Espainiako konstituzio-zuzenbidean, II. Errepublikan 1931ko Konstituzioan ezkontzari eta familiari buruz egindako arauketa alde batera utzita. 32. artikulua Lehen kapituluaren bigarren atalean jarri da, eta horrek orain arte aztertu ditugun eskubideek baino berme ahulagoa duela esan nahi du. Ildo horretatik, zenbait egilek adierazi dute zalantzarik gabe konstituzio-eskubide bat dela, baina oinarrizko eskubidearen izaera eztabaidatzeko modukoa dela. EKren 32.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, gizonak eta emakumeak berdintasun juridiko osoz ezkontzeko eskubidea dute. Horrek bi alderdi garrantzitsu planteatzen ditu, eta iruzkindu egin behar dira. Lehenengo eta 386
Konstituzio zuzenbidearen.indd 386
12/11/07 11:50:03