gatuak direla, Espainiako nazioaren batasunaren barruan sartzen direlako. Autonomia-erkidegoen ahalmen eta botere horiek ez ditu Konstituzioak zuzenean esleitzen. Horren ordez, Konstituzioak autonomia-erkidegoek euren gain har ditzaketen eskumenen esparrua eta mugak ezartzen ditu. Batez ere, autonomia-erkidegoetako autonomia-estatutuetan ezarri ohi da zein diren autonomia-erkidegoek euren gain hartutako eskumenak Konstituzioan ezarritako esparruaren barruan, betiere, aipatu autonomia-erkidegoen artean printzipio hauek errespetatuta: elkartasuna (EKren 2. eta 138. art.), berdintasuna (138.2 art.), Espainiar guztiek eskubide eta eginbehar berberak izatea estatuko lurraldearen edozein tokitan (139.1 art.), eta, amaitzeko, ekonomia-batasuna (139.2 art.). 6. Alderdi politikoen lekua Konstituzioan Alderdi politikoak Konstituzioan aitortzea nahiko berria da; hain zuzen ere, XX. mendearen erdialdean egin zen. Lehenengo zeharka aitortu ziren: hauteskundeen finantzaketa publikoa arautu zen, eta hauteskunde-taldeei funts jakin batzuk esleitu zitzaizkien. Bigarren Mundu Gerraren ostean, alderdi politikoek sistema demokratikoan duten garrantzi handia beren beregi jaso nahi izan zen —autore batzuek «alderdien demokrazia» gisa definitu dute—, eta horregatik, gure inguruko konstituzio-testuetan aitortu ziren, irismen desberdinekin bada ere: adibidez, Frantziako eta Italiako Konstituzioetan aitorpena nahiko neurritsua da, Alemaniako eta Portugaleko Konstituzioetan oso indartsua, eta Espainiako Konstituzioan aipatzeko modukoa. Espainiako 1931ko Konstituzioan alderdiak ez ziren beren beregi aipatu (parlamentuko taldeei buruz hitz egin zen, Gorteetako araudietan bezala), baina 1978ko Konstituzioan, atariko tituluan, artikulu bat eskaini zaie. Alderdioi eginkizun aipagarriak eman zaizkie, besteak beste: a) aniztasun politikoa adieraztea, ideologia desberdinak eta politika-, gizarte-, ekonomia-eredu desberdinak jasoz, beste erakunde batzuekin batera (elkarteak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, etab.; hala ere, alderdiak izango dira aniztasun politiko horren «adierazpena»). b) herri-borondatea eratzen lagundu eta adieraztea (gizartearen eta estatuaren arteko lotura direlako). Horretarako, hauteskundeetarako hautagai-zerrendak prestatzen dituzte, hauteskundeetan parte hartzen dute, gobernuko edo oposizioko eginkizunak egiten dituzte, gizarteak erakundeetan parte hartzeko bide dira eta gizartea erakundeetan ordezkatzen dute). c) parte-hartze politikorako funtsezko tresna dira. Parte-hartze horren monopolioa izan ez arren, horretarako tresnarik egokienak direla jotzen da 257
Konstituzio zuzenbidearen.indd 257
12/11/07 11:49:43