Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (2)

Page 131

Legean zehatz arautu dira titulartasun publikoa eta pribatua duten fitxategiak, nazioarte mailan datuen mugimendua ezarri da, betiere, datuak jasoko dituen herrialdean datuak babesteko pareko sistema badago, eta arau-hausteen eta zehapenen araubidea ere ezarri da. Legean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, alegia, goian aipatu eskubideak babestu, arauan ezarritako baimenak eman, datuen tratamenduak lege honen printzipioetara egokitzeko jarraibideak eman, eskabideei eta erreklamazioei erantzun, eta zehatzeko ahalmena egikaritzen dela, DBLOk Datuak Babesteko Espainiako Agentzia sortu du. Zuzenbide publikoko erakundea da, eta bere eginkizunak gauzatzean independentzia osoz jarduten du administrazio publikoei dagokienez. Horrez gain, Datuak Babesteko Autonomia Erkidegoetako Agentziak sortzea aurreikusita dago, horiek sortu edo horiek kudeatutako datuen fitxategiak kontrolatzeko. 6. Egoitzaren bortxaezintasuna EKren 18.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza bortxaezina da, eta hori konstituzio-zuzenbidearen ohiko bermeetako bat da. Virginia Herri Onaren 1776ko Eskubideen Adierazpenean edo Frantziako 1791ko Konstituzioan aurki dezakegu, eta konstituzio-testu guztietan orokortu da. Jatorrian, egoitzaren bortxaezintasunaren xedea gizabanakoaren askatasuna bermatzea zen, hau da, gizabanakoa ezin zitekeen bere egoitzaren barruan atxilotu betekizun batzuk betetzen ez baziren (epailearen baimena, etab.). Gaur egun, izaera hori galdu gabe, apurka-apurka garatu egin da eta orain gizabanakoaren bizitza pribatuaren berme gisa hartzen da, baita 1978ko Espainiako Konstituzioan ere. EKren 18. artikuluan arautu da, pribatutasunaren babesari lotutako gainerako eskubideekin batera. Konstituzio Auzitegiaren hitzetan (maiatzaren 29ko 136/2000 KAE): «...egoitzaren bortxaezintasuna eta, horren ondorioz, egoitza horretan sartu eta erregistratzeko debekua aldarrikatzen duen konstituzio-araua (EKren 18.2 art.) norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea bermatzen duen arauaren adierazpena baino ez da (EKren 18.1 art.)». Oinarrizko eskubide horren titulartasunari dagokionez, nabarmena da pertsona fisikoei dagokiela, baina baita pertsona juridikoei ere, Konstituzio Auzitegiak argi utzi duen moduan (urriaren 17ko 137/1985 KAE). Egoitza kontzeptuaren esangurari dagokionez, konstituzio-doktrinaren eta -jurisprudentziaren ustez, gizabanakoak erabilitako edo gozatutako espazio fisikoa da, bizitza normalean garatzeko erabiltzen duena. Hau da, pertsona fisikoei helduz, pertsonak zein espazioren gaineko eskuragarritasun zabala izan eta espazio hori da egoitza, leku horretan, nola edo hala, «bizi» bada (etxebizitza, bulego pribatua edo karabana, pertsona bertan bizi bada, 375

Konstituzio zuzenbidearen.indd 375

20/11/07 16:49:37


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.