Horrek esan nahi du, teorian, konstituzio-sisteman biziarteko katea debekatuta dagoela, hori ez baitator bat neurriek eta segurtasun-neurriek berrezteko eta gizarteratzeko duten helburuarekin. Ekainaren 30eko 7/2003 Lege Organikotik aurrera, espetxe-onura asko suntsitu dira eta Espainiako zigoreta espetxe-sisteman zigorrak osorik eta eragingarritasunez betetzea sartu da. Errudunak benetan beteko duen kondenaren gehieneko iraupena, Lege horrek Zigor Kodean sartutako eraldaketaren ostean, erregela orokor moduan, asko jota, 20 urtekoa da, baina salbuespenez beste kasu batzuk ezarri dira, zigorra betetzeko gehieneko muga hauek ezartzen dituztenak: 25, 30 eta 40 urte —ZKren 76. art.- (40 urteko muga aplikatzen da baldin eta subjektuari kondena ezarri bazaio delitu bi edo gehiago egiteagatik, eta delitu horietatik biri, gutxienez, legeak 20 urtetik gorako espetxealdi-zigorra ezartzen badie, edo terrorismo-delitu bi edo gehiago egiteagatik, eta delitu horietatik bati legeak 20 urtetik gorako espetxealdi-zigorra ezartzen badio). Zigorrak betetzeko araubidea abenduaren 26ko 1/1979 Espetxeen Lege Organiko Orokorrak arautu du, eta hori, aldi berean, otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretuak garatu du, hain zuzen ere, Espetxeen Erregelamendua onesten duen horrek. Amaitzeko, Konstituzioan ezarritakoaren arabera, espetxealdi-zigorra betetzen ari denak oinarrizko eskubideak izango ditu; ez, ordea, beren beregi mugatuta dituenak, kondena-epaiaren edukia, zigorraren esangura eta espetxe-legea kontuan hartuta (esaterako, sufragio-eskubidea etetea). Nolanahi den ere, espetxeratuak lan ordaindua izateko eskubidea du, eta Gizarte Segurantzaren onurak izango ditu, bai eta kultura lortzeko eta bere nortasuna oso-osorik garatzeko eskubideak ere. 3.4. Administrazioaren zehatzeko ahala Baina EKren 25.1 artikuluak legezkotasun-printzipioa ez die aplikatzen soil-soilik delitu edo falta diren egite eta ez-egiteei; horren ordez, legezkotasun-printzipioa administrazio-zehapenetara ere hedatzen du. Hala ere, zigor-zehapenetarako esandakoa ezin da administrazio-zehapenetara modu mimetikoan hedatu, zenbait arrazoi direla bide: batzuen eta besteen izaera desberdina, zehapenek ukitutako ondasunen eta eskubideen izaera desberdina, zigor-zehapenek normalean administrazio-zehapenak baino larriagoak izatea, eta administrazioaren zehapen-jarduera auzitegietan berrikusi ahal izatea. Hori dela eta, lege-erreserba zigor arloan absolutua den arren, oso erlatiboa da arau-hauste eta zehapen administratiboen kasuan (apirilaren 7ko 42/1987 KAE). Horrek esan nahi du arau-hauste eta zehapen guztiek nahitaez ez dutela xehetasun guztiekin jasota egon behar lege-lerruneko arau batean, baina administrazioaren zehapen-jarduerak lege-lerruna izatea eskatzen da. Hau da, ez da eragozten erregelamenduetara igortzea, 364
Konstituzio zuzenbidearen.indd 364
12/11/07 11:49:59