erabiltzea; era berean, debekatu egiten da zigor-arauen interpretazio hedakorra (martxoaren 25eko 131/1993 KAE). Ildo horretatik, planteatu ohi den arazoetako bat «zigor-lege zuri» izenekoen konstituziotasuna da (lege horietan, debekatutako jokabidea edo aplikatzeko moduko zehapena ez dira legean osorik jaso; horren ordez, beste arau batera jotzen dute jokabidea eta horri dagokion zehapena osorik deskribatzeko). Konstituzio Auzitegiak (uztailaren 5eko 127/1990 KAE; ekainaren 15eko 120/1998 KAE; otsailaren 24ko 24/2004 KAE) horien konstituziotasuna onartu du, betekizun hauek betetzen baldin badira: beste arau batera egindako igorpena esanbidezkoa izatea, igorpen hori justifikatuta egotea zigor-legeak babestutako ondasun juridikoa aintzat hartuta, eta zigor-legeak debekuaren funtsezko erdigunea eta zigorraren oinarrizko osagaiak izatea. Azkenik, zigor-legezkotasunaren printzipioak beste ondorio bat ere badu: jokabide bera birritan zehatzeko debekua («non bis in idem»). Ildo horretatik, konstituzio-jurisprudentziak (KAE hauek: urtarrilaren 30eko 2/1981; azaroaren 27ko 159/1985; uztailaren 4ko 150/1991; azaroaren 3ko 177/1999; urtarrilaren 16ko 2/2003) argi utzi du ezin dela birritan zehatu —edo zehatzago esanda— ezin dela jokabide bera birritan epaitu. Hori guztia argi dago. Baina printzipioaren aplikazioa istilutsuagoa da egitate bati zehapen penala zein administratiboa ezarri ahal zaion kasuetan. Kasu horietan, printzipioak debekatu egiten du egitate bati zehapen bikoitza ezartzea (bata penala eta bestea administratiboa), salbu eta zehatutako subjektua Herri Administrazioari lotuta dagoenean lotura berezia dela bide («gailentasun bereziko lotura» izenekoak; horien mende daude, esaterako, funtzionarioak, administrazioaren emakidadunak, presoak, etab.). Adibidez, funtzionario bati eroskeria delitua egiteagatik espetxeratze-zigorra ezarri badiote, egitate horregatik administrazio-zehapena ere ezarri ahal diote eta, horren ondorioz, funtzionario-izaera galdu; edo preso batek beste bati lesio bat eragiten badio espetxean izandako borroka batean, egindako lesioengatik zehapen penala (espetxe-zigorra) zein zehapen administratiboa (diziplina-zehapena, esaterako bakartuta egotea, etab.) ezarri ahal izango zaio; izan ere, kasu horietan, bi zehapenen oinarria ondasun juridiko desberdinak babestea da. Adibidez, lesio bat eragin duen presoaren kasuan, bizitza edo osotasun fisikoa zehapen penalaren kasuan, eta espetxe-diziplina administrazio-zehapenaren kasuan. 3.3.2. Zigor askatasun-gabetzaileen xedea Bestalde, EKren 25.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, «Zigor askatasun-gabetzaileek eta segurtasun-neurriek helburu izango dute pertsona berreztea eta gizarteratzea, eta ezin izango dira lan bortxatuak izan». 363
Konstituzio zuzenbidearen.indd 363
28/12/07 09:54:29