45/1985 Legeak ezarritakoaren arabera, Espainiako agintariei zein pertsonaren estradizioa eskatu eta horren behin-behineko espetxealdia erabaki dezakeela gehienez ere berrogei eguneko bi alditan, lehenengoa estatu agindei-emaileak eskaera aurkez dezan, eta bigarrena eskaera horren izapideak Espainian egin ahal izateko (10. art.). Amaitzeko, erregela orokorra «espetxealdi komunikatua» den arren, PKLren 509. artikuluan ezarri den moduan, «Instrukzio-epaileak edo auzitegiak salbuespenez erabaki ahal izango du ikertutako egitateetan ustez esku hartu duten pertsonen atxiloketa edo espetxealdi inkomunikatua, betiere horiek justiziaren eskutik ihes egin ez dezaten, pertsona horiek biktimaren ondasun juridikoen aurka jardun ez dezaten, delituarekin zerikusia duten frogak ezkuta, alda edo suntsi ez daitezen, edota beste delitu-egitate batzuk egitea saihets dadin». «Aurreko paragrafoan aipatu arriskuak saihesteko, presa-eginbideak gauzatu behar direnez gero, horiek egiteko behar den denbora bakarrik iraungo du inkomunikazioak. Inkomunikazioa ezin izango da izan bost egunekoa baino luzeagoa». Espetxeratzea talde armatuek egindako delituen edo terrorismoaren ondorioz edo bi pertsonak edo gehiagok elkarrekin hitzartuta edo modu antolatuan egindako delituen ondorioz bada, inkomunikazioa beste epe batez luzatu ahal izango da, baina epe hori ezin da izan bost egunekoa baino luzeagoa. Kasu horietan, presoa espetxealdi komunikatuaren egoerara itzulita egon arren, epaileak presoa berriro ere inkomunikatzeko agindua eman ahal izango du, baldin eta, ikerketaren edo auziaren osteko garapena dela-eta, horretarako arrazoiak badira izan. Bigarren inkomunikazio hori ez da inoiz ere izango hiru egunekoa baino luzeagoa. 3.3. Askatasun-galera kondena penala dela eta 3.3.1. Legezkotasun printzipioa kondena penalean EKren 25.1 artikuluan argi eta garbi ezarri da legezkotasun zehatzailearen printzipioa botere publikoek ezar dezaketen kondena edo zehapen ororen aurretiazko eskakizun moduan. Horregatik, hurrengo hau ezarri da: «Ezin dakioke inori egite edo ez-egiteen ondorioz kondena edo zehapenik ezar, baldin eta, egite edo ez-egite horiek gertatzeko unean, halakoak delitu, falta edo arau-hauste administratiboak ez badira, une horretan indarrean dagoen legeriaren arabera». Printzipioa kondena penalari (askatasun-gabetzea ekar dezake) zein administrazio-zehapenei aplikatu dakieke. Orain, printzipio horrek kondena penalen esparruan duen proiekzioa aztertuko dugu, eta administrazio-zehapenen esparruan duen proiekzioa geroko utziko dugu. 361
Konstituzio zuzenbidearen.indd 361
12/11/07 11:49:59