3.2. Behin-behineko edo aurreneurrizko espetxealdia Definizioz, atxilotzea behin-behineko askatasun-gabetzea da. Hala ere, batzuetan, eta inguruabar askoren eraginez, askatasun-gabetzea nahitaez luzatu behar da kasuan kasuko prozeduraren izapideak egiten diren bitartean: gogoan izan dezagun, adibidez, hiltzaile arriskutsu baten kasua. Atxilotzeko gehieneko epea igaro ondoren, pertsona hori ezin da aske utzi; prozedura eta epaiketa amaitu arte eta kondena irmoa eman arte itxaron behar da, eta horrela denbora asko igaro daiteke. Hori, nola ez, muturreko kasua da, baina beste kasu askotan ere espetxeratzea bidezkoa izango da. Egoera horri «behin-behineko espetxealdi» edo «aurreneurrizko espetxealdi» esaten zaio, eta EKren 17.4 «in fine» artikuluak esanbidez jaso du. Eskubideen muga guztien moduan, kasu honetan askatasun-eskubidearen muga moduan, aukera hori modu murriztailean interpretatu behar da, eta muga estuak ditu; izan ere, organo judizial eskudunak eman dezake, legean ezarritako kasuetan soilik. GEEAren jurisprudentziari (1968ko ekainaren 27ko epaia —Neumeister eta Wenhoff kasuak—; 1969ko azaroaren 10eko epaia —Maznetter kasua—; 1991ko ekainaren 26ko eta azaroaren 27ko epaiak —Letelier eta Kemmache kasuak—; 1992ko abuztuaren 27ko epaia —Tomasi kasua—; 1993ko urtarrilaren 26ko epaia —W. versus Suitza kasua—, etab.) eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziari jarraituz (apirilaren 15eko 62/1996 KAE eta apirilaren 7ko 66 eta 67/1997 KAE, etab.), PKLn ezarri da behin-behineko espetxealdia erabakiko dela modu objektiboan beharrezkoa denean bakarrik, eta askatasun-eskubidearentzat astuntasun txikiagoko beste neurririk ez dagoenean, behin-behineko espetxealdiarekin eskuratzen diren helburu berberak lortzeko (502. art.). PKLren 503. artikuluan behin-behineko espetxealdia dekretatu ahal izateko betekizunak ezarri dira: 1) egitateek delituaren ezaugarriak edukitzea eta delitu horren zigorra, gehienez jota, bi urteko edo hortik gorako espetxealdi-zigorra izatea, edo iraupen txikiagoko zigor askatasun-gabetzailea, baldin eta egotziak zigor-aurrekariak baditu; 2) auzian behar besteko zioak agertzea, behin-behineko espetxeratze-autoa zein pertsonaren aurka eman eta pertsona horrek erantzukizun kriminala duela uste izateko; 3) honako helburuetatik bat lortu nahi izatea: a) egotzia prozesura agertuko dela ziurtatzea, baldin eta zentzuz atera badaiteke ihes egiteko arriskua dagoela; b) frogak ezkuta, alda edo suntsi daitezen saihestea; c) egotziak biktimaren ondasun juridikoen aurka jardun dezan saihestea. Behin-behineko espetxealdia erabaki ahal izango da, berebat, 1. eta 2. betekizunak gertatuta, arriskua saihestu behar denean, egotziak beste delitu batzuk egin ditzan, egotzitako delitu-egitatea dolozkoa denean, eta azken kasu horretan, lehenengo zenbakian ezarritako muga ezin izango da aplikatu, baldin eta, egotziaren aurrekariak eta polizia judizialak eman edo jardunak 359
Konstituzio zuzenbidearen.indd 359
12/11/07 11:49:58