Bizitza-eskubidearen barruan bizitza amaitzeko eskubidea ez dagoen arren, osotasun fisiko eta moralerako eskubideak heriotza duina izateko eskubidea babesten du. Eta horrek barnean hartzen du pertsona bakoitzak informazioa jasotzeko eta aplikatu behar zaion medikuntza-tratamenduaren inguruan erabakitzeko eskubidea. Horrenbestez, tratamendua baztertu dezake beharrezkoa ez dela uste duenean, gehiegizko sufrimendua eragiten diolako edo bizimodua baldintza makurretan modu artifizialean luzatzen diolako; izan ere, gizabanakoaren borondatearen aurkako medikuntzatratamendua gizabidezkoa ez den eta apalesgarria den tratuaren kasu argia izango litzateke, eta hori esanbidez debekatu da Konstituzioan. Eskubide hori ahalbidetzeko eta giza eskubideak eta gizabanakoaren duintasuna Biologiaren eta Medikuntzaren aplikazioen aurrean babesteko Hitzarmenean (Oviedon, 1997ko apirilaren 4an egin eta Europako Kontseiluko estatu kideek, beste estatu batzuek eta Europar Batasunak sinatu zuten) ezarritakoaren arabera, Espainiako legegileak gaixoen desirak aldez aurretik adierazteko aukera arautu du, hainbat modutan izendatzen dena: «bizi-testamentua», «aurretiazko gidalerroak», «aurretiazko argibideak» edo «borondate aurreratua». Horiek direla bide, gizabanako bakoitzak argibideak eman ditzake bere medikuntza-tratamenduaren inguruan zer egin nahi duen azalduz. Hori lege askok jaso zuten, bai Estatuan (azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legea, gaixoen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoei lotuta dituzten eskubide eta betebeharrak arautzekoa), bai autonomia-erkidegoetan. Gizabanakoak bere kabuz erabaki ezin badu eta bere borondatea zein den argi ez badago, familiakorik hurbilenek erabaki behar dute, kasuan kasuko medikuntza-kontrolari jarraituz eta, hala denean, esku-hartze judiziala eginez. 1.3. Heriotza-zigorra Konstituzioan heriotza-zigorra indarrik gabe geratu da, zigor-lege militarrek gerraldirako xeda dezaketenari kalterik egin gabe. Ildo horretakoa da 1983ko apirilaren 28ko GEEHren 6. zk.ko protokoloa ere, heriotza-zigorra indarrik gabe uztekoa, Espainiak 1984an berretsi zuena eta 1985eko martxoaren 1ean indarrean sartu zena. Gerraldiko heriotza-zigorraz denaz bezainbatean, Espainiako zigor-legeria militarrean aukera hori ezarri zen (Justizia Militarraren 1945eko Kodeko Zigor Legeen II. Tratatuan eta testu hori indargabetu zuen 1985eko Zigor Kode Militarrean). Horregatik «gerraldia» zer zen eztabaidatzen zen. Edozelan ere, «gerraldia» ez zen setio-egoera aitortzearen baliokidea; gatazka militar eragingarria egotea eskatzen zen (bai gerra-adierazpen formala, bai atzerriko potentzia batekin bakea haustea, gerra modu formalean adierazi ez arren). Hau da, istilu armatuak edo 345
Konstituzio zuzenbidearen.indd 345
12/11/07 11:49:56