2. Primo de Riveraren diktadurak 1929an Konstituzioa eraldatzeko egindako proposamenak 2.1. Aurrekariak Egiaztatu dugunez, aspalditik zetorren krisia oso sakona zen: terrorismoa Katalunian, grebak, atentatuak, baja asko Marokoko gerran, etab. Giro horretan, Primo de Rivera Kataluniako kapitain jeneralak espainiarrei aldarrikapen bat egin zien 1923ko irailaren 12an, eta estatu-kolpea egin zuen. Espainiako historian «pronuntziamenduen» tradizioan beste urrats bat izan zen hori. Alfontso XIII.a erregeak egoera berria onartu zuen, eta diktadoreari botere osoak eman zizkion. Horrela, Primo de Riveraren diktadura hasi zen, 1930eko urtarrila arte luzatu zena. Diktadoreak, lehenengo etapan, gobernu militarra ezarri zuen (Direktorio Militar izenekoa), eta 1925eko abendua arte iraun zuen. Direktorioak 1876ko Konstituzioa eten egin zuen, lege-indarreko dekretuak emateko ahala beretzat hartu zuen, konstituzio-bermeak eten egin zituen, Gorteak desegin zituen, Kongresuko eta Senatuko lehendakariak kargutik kendu zituen, udalak eta Aldundiak desegin zituen eta bere neurriko alderdi bat sortu zuen, «Unión Patriótica» izenekoa. Alderdi bakar horrek alderdi politikoak ordeztu nahi zituen, zorrotz hierarkizatutako antolaketa zuen, tokiko zelulekin, probintzia eta nazio mailako biltzarrekin eta direktorioekin; diktadorea nazioko buruzagia zen (eredu hori Franco jeneralak kopiatu zuen gero bere diktaduran). Jatorri ez-legitimoa izan arren, lehenengo fase honetan, diktadurak nolabaiteko gizarte-bakea lortu zuen, ordena publikoa bermatu zuen eta Marokoko arazoa konpontzeko oinarriak ezarri zituen. Hasieran, horri esker, iritzi publikoan zenbait babes lortu zituen. 1925eko abenduan, diktaduraren bigarren etapa hasi zen, Direktorio Zibil izenekoa, Primo de Rivera buru zuen Gobernuarekin, eta kide militar eta zibilek osatuta (adibidez, José Calvo Sotelo barruan zegoen). Erregimena Unión Patriótica alderdia indartzen ahalegindu zen diktadurari gizarte-babesa emateko, baina Maroko behin betiko baketzea lortu zuen arren, gizarte-sektore garrantzitsuekin arazo larriak izan zituen (esaterako, armadarekin —batez ere, Artilleriarekin—, edo Unibertsitate munduarekin —1928ko Unibertsitate Estatutua dela bide—). 1876ko Konstituzioa etenda zegoenez eta 1923ko apirilean hautatutako Gorteak erabat itxita zeudenez, diktadoreak Konstituzioko hutsunea betetzea eta erregimena legitimatzea nahi izan zuen eta, horretako, nazio-biltzar bat sortu zuen, kide anitzeko kontsulta-organoa, ez-demokratikoa eta korporatiboa (horretan talde eta interes desberdinak ordezkatuta egongo lirateke, korporazioetan bilduta). Eredu hori Franco jeneralak hartu zuen gero diktadura96
Konstituzio zuzenbidearen.indd 96
12/11/07 11:49:17