Gorte konstituziogile horiek konstituzio-eraldaketaren oinarriak aztertzen hasi ziren, eta eztabaidak luzeak eta konplexuak izan ziren. Behin oinarriak eztabaidatuta, proiektuaren artikuluak aztertu ziren. Konstituzio-proiektua eztabaidatu zen aldi berean beste lege arrunt batzuk ere eztabaidatu zirenez (finantza-erakundeak, udalak, prozedura zibila eta elizaren desamortizazioa), eztabaida 1856ko urtarrila arte luzatu zen. Hala ere, gertaera politikoak zirela bide, Konstituzioa, orientabide aurrerakoia zuena, ez zen aldarrikatu ez argitaratu. Horren eraginez, testua ez zen indarrean sartu eta, horregatik, historian «Konstituzio jaiogabe» esaten zaio. Hurrengo hau gertatu zen: 1856ko udaberrian, doktrinak hiru botere deitu dituenak aldi berean zeuden: koroa, Gorteak (artean konstituziogileak ziren) eta bi jeneral nagusiena (Espartero eta O’Donnell). Egia esan, legeen idazketa amaitu ondoren, Gorteak uztailean eten egin ziren eta Konstituzioa ere ez zen aldarrikatu. Isabel II.a erreginak eta O’Donnell jeneralak Espartero gobernuburuaren gainbehera eragin zuten eta, horren ordez, O’Donnell gobernuburu jarri zen, nahiz eta Gorteak aldaketa horrekin ados ez egon. Horrela amaitu zen biurteko aurrerakoia eta, horren eraginez, 1856ko konstituzio-testua ahaztuta geratu zen. 3.6.2. Ezaugarriak Zernahi gisaz, 1856ko Konstituzio «jaiogabea» 1869ko Konstituzioaren aurrekari argia izan zen. Bigarren hori Isabel II.a erregina erbestera bidali zuen 1869ko «Iraultza Loriatsu» izenekoaren ostean onetsi zen. Testuaren ezaugarriei dagokienez, esan behar da testuaren jatorria herrian zegoela; izan ere, hitzaurrean adierazitakoaren arabera, Gorteek Konstituzioa eman eta sendesten zuten, eta konstituzio-testuaren lehenengo artikuluan naziosubiranotasunaren printzipioa jaso zen. Horrez gain, Konstituzio oso-osoa zen, eta arauketa zabala zuen bai banakako eskubideen inguruan bai Estatuko botereen antolaketaren inguruan. Konstituzioaren atal moduan hartzen ziren etorkizunean gai hauen inguruan onetsi behar ziren oinarriak: hauteskundeak, erakunde legegileen arteko harremanak, Estatu Kontseilua, Gobernua eta udal-administrazioa, auzitegien antolaketa, inprenta eta milizia nazionala. Konstituzio zurruna zen (1837ko eta 1845eko Konstituzioek malgutasunerako zuten joera hautsi zen horrela), baina eraldatze-prozedura 1812ko Konstituzioan ezarritakoa baino errazagoa zen. Amaitzeko, Estatuaren konfesionaltasunaren printzipioari dagokionez, 1837ko Konstituziora itzuli zen, hau da, nazioak erlijio katolikoaren kultuari eta ministroei eutsi behar zien, baina espainiarrak ez zituzten jazarriko iritzi eta sinesmen erlijiosoengatik, betiere, horiek erlijioaren aurkako egintza publikoetan agertzen ez bazituzten; modu horretan, nola edo hala, kontzientzia-askatasuna aldarrikatu zen. 58
Konstituzio zuzenbidearen.indd 58
12/11/07 11:49:09