egin daiteke. Printzipio politikoei dagokienez, bat bereziki nabarmendu behar da: 1845eko testuan nazioaren subiranotasuna ez zen aipatzen (1837ko Konstituzioaren hitzaurrean ez bezala); horren ordez, hurrengo hau esaten zen: koroak, Gorteekin batera eta horiekin bat etorriz, Konstituzioa agindu eta sendetsi zuen, hau da, 1834ko Errege Estatutuak adierazitako bidera itzuli zen. Beraz, botere konstituziogilea eta koroak eta Gorteek banatutako subiranotasuna ezarri ziren. Konstituzio-formula hori «Konstituzio historiko edo barne Konstituzio» izeneko teoria ezagunak bildu du, hain zuzen ere, Espainiako liberalismo doktrinarioak gogor defendatu duena. Luis Sánchez Agesta irakasleak idatzi duenez, teoria horren arabera, herrialde baten Konstituzioak oinarri ditu historian sendotutako erakundeak, Konstituzioaren aurrekoak eta goragokoak direlako eta, teoria horren arabera, Espainian, erakunde horiek erregea eta Gorteak ziren. Horren arabera, Konstituzio idatziak «barne Konstituzio» izeneko hori bete-betean jaso behar zuen, bi erakundeen arteko itun moduan agertu behar zuen, erregearen eta erresumaren arteko itunen eredu historikoari jarraituz. Amaitzeko, funtzionamendu politikoak errealitate hori islatu behar zuen, gizarte-botere eragingarria eta botere politikoa bateratuz. Printzipioen arloko beste aldaketa adierazgarri bat Estatuaren konfesionaltasunaren ingurukoa zen: 1837ko Konstituzioan ez bezala, Estatuaren konfesionaltasun katolikoa aldarrikatu zen berriro. Botere-banaketari dagokionez, 1845eko Konstituzioak ganberen autonomia argi eta garbi murriztu zuen eta koroak horien gain zuen eragina handitu. Azkenean, oinarrizko eskubideen arauketa 1837ko Konstituziora bildutakoa zen, inprenta-delituak epaitzeko eskumenari dagokionez izan ezik, hori orain ez baitzegokien zinpekoen epaimahaiei (moderatuek salatu zuten epaimahaiok permisiboegiak zirela gobernuaren agintea eta politikarien eta norbanakoen ohorea eta intimitatea ahultzen zituzten informazio eta kritika batzuekin). Horrek argi erakutsi zuen inprenta-askatasuna murrizteko joera zegoela, eta, hain zuzen ere, Konstituzioa garatzeko arauek (1845eko uztailaren 6ko eta 1846ko martxoaren 18ko Errege Dekretuak) azkenean halaxe jokatu zuten. 3.3. Konstituzio-organoak Konstituzio-organoei dagokienez, aldaketa hauek egin ziren: a) Botere betearazlea: Koroari lotuta, nabarmentzeko moduko bi aldaketa sartu ziren: 1837ko Konstituzioan ezarri zen erregeari lege bereziaren bidez baimena eman behar zitzaiola ezkontzeko, eta erregeordetza Gorteek izendatuko zutela. Testu berriaren arabera, erregeak, ezkondu aurretik, Gorteei jakinarazi behar zien, eta horiek hizpaketei eta ezkontza-kontratuei 53
Konstituzio zuzenbidearen.indd 53
12/11/07 11:49:08