arau batek soilik baimen zitzakeen kontribuzioak eta arielak), konfiskazioen debekua eta Estatuaren konfesionaltasunaren gai korapilatsuari dagokionez, Cádizko Konstituzioan ez bezala, ez zitzaion zuzeneko aipamenik egin, kleroa Behe Ganberan sartzea galarazi zen, baina, aldi berean, nazioak konpromisoa hartu zuen espainiarren kultuari eta erlijio katolikoko ministroei eusteko. 2.3. Konstituzio-organoak Konstituzio-organoei dagokienez, Konstituzioak honela arautu zituen: a) Botere betearazlea: erregea ukiezina zen eta ez zuen inolako erantzukizunik. Ministroek, berrespen teknika dela bide, monarkaren egintzen gaineko erantzukizuna euren gain hartzen zuten. Bestalde, 1837ko Konstituzioak koroaren ohiko eginkizunak eratxiki zizkion: legeak sustatu, sendetsi eta betearaztea, dekretuak luzatzea, Estatuaren barruko ordena publikoa eta kanpoko segurtasuna zaintzea, gudarosteak gidatzea, gerra aldarrikatu eta bakea egitea, nazioarteko harremanen gaineko ardura izatea, langile publikoak izendatzea, etab. Edonola ere, paradoxa dirudi 1837ko Konstituzioak, praktikan koroari ezarri zitzaionak, koroaren botereak indartzea: modu horretan, erregeak Gorteetan onetsitako legeei betoa jarri ahal zien eta sendespena ukatu (eta, orduan, horren inguruan ezin zen beste legeproiekturik proposatu legegintzaldi berean). Ez da ahaztu behar Gorteak deitu, eten eta desegitea ere erregeari zegozkiola, baita ministroak askatasunez izendatu eta banantzea ere. Baina, azken ahalmen horri lotuta, zehaztapen batzuk egin behar dira: erregeak ministroak askatasunez izendatu eta kargutik ken zitzakeen, baina, nola edo hala, baldintza bat zegoen: ministroek Gorteen konfiantza izan behar zuten. Konstituzio hau indarrean egon zen bitartean, askotan, prozedura alderantziz ipini zen (eta, zoritxarrez, eginera hau ohikoa izan zen Espainiako konstituzio-historian): erregeak, ministroak izendatzerakoan (eta, zehazki, Ministroen Kontseiluko lehendakaria) Parlamentuaren konfiantza izango zuten edo ez kontuan hartu beharrean, Gobernuko lehendakari bat izendatzen zuen eta, ondoren, Gorteak desegiteko dekretua ematen zion, Gobernu berriak bere gustuko parlamentu-gehiengoa «sortu» zezan (gogoan izan behar da hautesleen kopurua urria zela, «jauntxokeria» eta kasuan kasuko gobernutik egindako hauteskunde-iruzurrak). Jokaera horiek parlamentu-sistema guztiz faltsutu zuten; horrela, alderdi politikoek Gobernua Parlamentutik kanpo eratzea bilatzen zuten eta koroak hori baimendu egiten zuen. Gainera, behin Gobernua eratuta, koroak hauteskunde «telegidatuak» egitea baimendu zuen, eta horiek zirela bide, hauteskun46
Konstituzio zuzenbidearen.indd 46
20/11/07 16:48:48