1.3. Konstituzio-organoak Konstituzio-organoei dagokienez, modu honetan arautu ziren: a) Botere betearazlea: Estatutuan funtsean Gorteak arautzen ziren arren, Estatutuan bertan horien eta koroaren arteko lotura aztertzean, koroaren eta horren lankideen eginkizunak mugatuta geratu ziren. Horrela, botere betearazlea erregeak eta ministroek osatzen zuten. Erregea ukiezina zen eta ez zuen inolako erantzukizunik. Ministroak ziren erregearen egintzen erantzuleak, berrespen teknika zela bide. Erregeak Ministroen Kontseiluko lehendakaria eta ministroak askatasunez izendatu eta kargutik kentzen zituen. Behe Ganbera (Prokuradoreen Estamentua) desegin zezakeen eta Goi Ganberako (Handikien Estamentua) ez-berezko kideak izendatzen zituen. Gorteak deitzen zituen (hau da, Gorteak ezin ziren modu automatikoan bildu, Cádizko Konstituzioan gertatzen zen bezala; erregeak deitu behar zituen arazo larriak jorratzeko, kontribuzioen inguruko botazioa egiteko bildu behar ziren eta, deseginez gero, urtebeteko epean bildu behar ziren), Gorteen batzarrak eten zitzakeen eta, ikusi berri dugunez, Behe Ganbera desegin zezakeen (izatez, 1836ko urtarrilean Gorteak lehenengoz desegin ziren, Juan Álvarez Mendizábalek proposatuta; azken horrek Prokuradoreen Estamentuan galdu egin zuen gai garrantzitsu baten inguruan, hots, hauteskunde-legearen inguruan; hilabete batzuk geroago, horren oinordekoak, Francisco Javier Istúrizek, Gorteak desegitea lortu zuen, Prokuradoreen Estamentuan Gobernuaren aurkako zentsurabotoa onetsi baitzen). Legegintza-ekimena eta erabateko beto-eskubidea zituen (azken hori inoiz ez zen erabili Estatutua indarrean egon zen bitartean). Era berean, Estatuko buruzagitzaren ohiko eginkizunak zituen: arauak sendetsi eta aldarrikatzea, erregelamenduak ematea, nazioarteko harremanez arduratzea, gudarostearekin eta armadarekin lotutako ahalmenak gauzatzea, ordena publikoa zaintzea eta langile zibil eta militarrak izendatzea. Estatutuan, Ministroen Kontseilua (kide anitzeko organoa zela ulertu zen) eta bertako lehendakaria aipatu ziren, zehatz arautu ez ziren arren. Azken kargu hori apurka-apurka sendotuz joan zen, berak proposatzen baitzion erregeari gainerako ministroen izendapena eta banantzea, berak ordezkatzen baitzuen politikoki Gobernua eta bere politika Gorteetan. Ganberen araudiek Gobernuko kideen zigor-erantzukizuna soilik ezarri zuten arren, Gobernuak Gorteen aurrean zuen erantzukizun politikoa sistemaren osagai bihurtu zen; izan ere, joko politikoak eskatu zuen erregeak lehendakaria hautatzerakoan Ganberen konfiantza izan zezakeena izenda zezala eta, beraz, Gobernuak konfiantza bikoitza izatea eskatu zen: erregearena eta Gorteena. Zernahi gisaz, beti ez zen erraza izan Gobernuak biak izatea. 41
Konstituzio zuzenbidearen.indd 41
12/11/07 11:49:05