Sarrera
Espainiako konstituzio historiaren ezaugarri nagusiak eta aldiak
Espainiako konstituzio-historiaren ezaugarri nagusietakoa ezegonkortasuna da. Beste konstituzio-eredu batzuetan ez bezala, horiek gorabehera handirik gabeko garapen politiko eta konstituzionala baitute, Espainiako eredua oso desberdina da: une jakin batean boterean zeudenek ezarritako konstituzio-testu baten ostean beste bat ezartzen zen, boterean zeudenek ezarria oraingoan ere, baina aurrekoaren aurkakoa. Horren eraginez, testu bat ere ez zen errotzen benetan eta, beraz, autore batzuek «penduluaren lege» moduko bati buruz hitz egin dute: Konstituzio «aurrerakoi» baten ondoren «moderatua» ezartzen zen, eta alderantziz. Modu horretan, sistema ez zen sendotu eta «batetik bestera» ibili zen etengabe. Horri beste osagai batzuk ere gehitu ahal dizkiogu, kasurako konstituzio-araubidea «pronuntziamenduen» bidez faltsutzea («estatu-kolpeen» mota bitxia, garai hartako Espainian oso ugaria), «jauntxokeria», alderdi politikoen trinkotasun urria, hauteskunde-azpijokoak eta errege-politika konstituzio-testuak alde batera utzita garatzea. Hori dela bide, ezin hobeto ulertuko dugu zergatik aurkituko dugun konstituzio-testuen zerrenda luzea, bata bestearen atzetik, baina denboran iraun gabe eta behin betiko errotu gabe. Gaur egun indarrean dagoen 1978ko Konstituzioa indarrean sartu arte, Espainiako konstituzio-historia elkarren artean ondo bereizita dauden aldietan zati daiteke: lehenengo aldia 1808 eta 1833 bitartekoa da, konstituzionalismoaren hasiera biltzen du eta funtsezko bi testu ditu: «Baionako Estatutua» izenekoa, 1808koa (konstituzio-testu baten betekizun formalak izan arren, «Estatutu» izena du Baionan egin zelako, hau da, Espainiatik kanpo, Napoleonen agintepean, eta ez zen benetan indarrean egon), eta 27
Konstituzio zuzenbidearen.indd 27
12/11/07 11:49:02