4. Esanahia eta indarraldia Amaitzeko, erregimen frankistaren esanahiari eta indarraldiari dagokionez, TORRES DEL MORAL irakasleari jarraituz, zenbait aldi bereiz ditzakegu: Lehenengo aldian, gutxi gorabehera 1936 eta 1942 bitartean, gerrari eta aldi totalitarioari buruz hitz egin izan da. 1936ko uztailaren 18an hasi zen —Espainiako Gerra Zibilaren hasierako data—, Errepublikaren aurkako altxamendu frankistarekin; aldi horretan, erregimen frankistak Alemaniako nazismoarekin eta Italiako faxismoarekin bat egin zuen, 1942a arte. Une horretan, Franco, aliatuen garaipena nahiko ziurra zela ikusi zuenean, aliatuen aldera hurbiltzen hasi zen. Aldi horretan Espainiako Gerra Zibila aipatu behar dugu, 1939ko martxoan alderdi frankistak garaipen militarra lortu zuen arte. Fase horretan, armada estatu berriaren oinarrizko egitura izan zen: lehenengo Defentsa Nazionaleko Batzordea sortu zen, eta 1936ko irailaren 29ko dekretua zela bide, Franco Espainiako Estatuaren gobernuburu eta armadako Generalisimo izendatu zuen. Modu horretan, Francok botere guztia bere gain hartu zuen. Francok Batzorde Teknikoa sortu zuen (gerra-gobernuaren antzeko zerbait) 1936ko urriaren 1eko Legea zela bide. 1937ko apirilaren 19ko Bateratze Dekretu izenekoa dela bide, altxamendu frankista babestu zuten indar guztiak alderdi bakarrean bateratuta geratu ziren: Falange Española y de las JONS izenekoan (Falange Española, Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalistas eta Comunión Tradicionalista biltzen zituen). Alderdi bakar horri erregimen osoan Mugimendua esan zitzaion, eta Franco horren zuzendari eta Caudillo edo Buruzagi izendatu zuten, Alemaniako eta Italiako erregimenetako Führer eta Duce tituluen ildotik. Aldi horretako arauketan Francok 1938ko urtarrilaren 30ean eta 1939ko abuztuaren 8an emandako Legeak, hain zuzen ere diktadoreari legegintza-ahala ematen ziotenak, nagusi izan ziren (ahal hori 1975ean hil arte izan zuen). 1938an, Francok Fuero del Trabajo (Laneko Forua) aldarrikatu zuen, eta urte berean, Prentsa Legea. Horren bidez, erabateko zentsura eta erregimenak komunikabideak erabat kontrolatzea ezarri ziren. 1939an, Gerra Zibila amaitzean, Erantzukizun Politikoen Legea onetsi zen eta, ondoren, Estatuaren Segurtasunari buruzko Legea. Bata eta bestea arazketa sakona egiteko tresnak izan ziren, eta Gerra Zibileko galtzaileen aurkako zapalketa izugarria ekarri zuten. Horrez gain, erregimena argi eta garbi oinarritu zen eliza katoliko instituzionalean. Azken horrek matxinada militarra eta horretatik sortutako erregimena babestu zituen, Errepublikaren aurkako altxamendua bedeinkatu zuen, Gerra Zibila Gurutzada gisa kalifikatuz eta diktadura babestuz. Kanpoko laguntzei dagokienez, aldi horretan, Francok Alemaniako eta Italiako erregimen faxistak babestu zituen 165
Konstituzio zuzenbidearen.indd 165
12/11/07 11:49:29