deralaren Estatu Katalana aldarrikatzea erabaki zuen. Gobernu zentralak berehala erreakzionatu zuen, eta Generalitateko Kontseiluko kideak espetxean sartu eta Kataluniako Estatutua modu mugagabean eten zuen. Etendura mugagabe hori Gorteetan bozkatu zen 1935eko urtarrilaren 2ko Legearen bidez. Etendura (Konstituzio Bermeen Auzitegiak konstituzioaren aurkakoa zela adierazi zuen aurrerago) 1936 arte luzatu zen. Urte horretan Frente Popular alderdiak irabazi zuen, eta Gobernu berriak otsailaren 26an dekretu-lege bat onetsi zuen: Kataluniako Parlamentuari jarduerei berriro ekiteko baimena eman zitzaion, Generalitaterako Gobernu bat izendatu zen, eta, beraz, Kataluniako erakundeak berrezarri egin ziren, Katalunia gerra zibilean tropa frankisten esku geratu arte. 4.3. 1936ko Euskal Estatutua Euskal Estatutuaren sorrera Kataluniakoarena baino zailagoa izan zen. Euskaldunek autogobernurako nahi handia zuten 1876an Foruak indargabetu zituztenetik. Errepublika iritsi zenean, aspaldiko nahi hori errealitate bihurtzeko bidea Autonomia Estatutu bat idaztea zela ikusi zen. Autonomia Estatutua 1936an onetsi zen, eta horrela, 1931an, II. Errepublika abian jartzean, hasitako ibilbide luze eta zaila amaitu zen. Eusko Ikaskuntzak aurreproiektu bat onetsi zuen lehenengo, euskal lurraldeek Errepublikarekin zuten lotura-printzipio federalari erantzuten ziona. Aurreproiektu horrek bi Estatutu-proiektu desberdin ekarri zituen: batetik, «Lizarrako Estatutu» izenekoa (1931ko Konstituzioa onetsi aurrekoa), izaera nazionalista eta konfesionala zuena, euskal nazionalistek eta karlistek babestua eta Alkateen Mugimenduak bultzatua, azkenean 1931ko Konstituzioan ezarritako lurralde-ereduarekin bateragarria izan ez zena; eta bestetik, «Gestoren Estatutu» izenekoa, Diputazio Probintzialetako Batzorde Gestoreak kontrolatzen zituzten indar errepublikar eta ezkerrekoek bultzatua (ez zituzten hautatu; Errepublikako Gobernuak izendatu zituen). Azken Estatutu hori gehiago egokitzen zen konstituzio-aurreikuspenetara. Azkenean, Nafarroa euskal estatutu-prozesutik aldendu, eta nazionalisten eta ezkerraren arteko gatazkak eta integristen oposizioak estatutuaren izapideei traba gogorrak jarri zizkieten. Prozesu luze baten ostean, euskal udalen biltzarrak onetsi zuen testua lortu zen. Modu horretan, Konstituzioaren 12. artikuluan ezarritakoa bete zen, eta 1933ko azaroaren 5ean, horren inguruko plebiszitua egin zen. Plebiszitua baietzaren aldekoa izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Araban, aldeko botoak aurkakoak baino askoz gehiago izan arren, boto negatiboen eta abstentzioen arteko batura aitzakia izan zen tradizionalista arabarrentzat estatutu-prozesuari aurre egiteko; hain zuzen ere, tradiziona136
Konstituzio zuzenbidearen.indd 136
12/11/07 11:49:25