4. Estatuaren lurralde-antolaketa 4.1. Konstituzio-printzipioak Konstituzioaren I. tituluan araututako estatuaren lurralde-antolaketari dagokionez, honela egituratzen zen: udalerriak, probintziak eta autonomia-erregioak. 9. artikulua udalerriei buruzkoa zen eta euren eskumeneko gaietan autonomia aitortzen zitzaien; horrez gain, udalak sufragio orokor, berdin, zuzeneko eta sekretuaren bidez hautatuko zirela (kontzeju irekiaren araubidearekin funtzionatzen zutenean izan ezik) eta alkateak herritarren zuzeneko hautaketaren bidez edo udalaren bidez izendatuko zirela ezarri zen. Artikulu hori 1935eko urriaren 31ko Udal Legeak garatu zuen. Bestalde, 10. artikuluan ezarri zen udalerri mankomunatuak probintzietan eratuko zirela euren araubidea, funtzioak eta xede politiko-administratiboen organo kudeatzailea zehaztuko zituen legearen arabera, baina lege hori ez zen Errepublikan aldarrikatu. Are gehiago, aldi horretan, Diputazio Probintzialak Gobernu Zentralak izendatutako Batzorde Gestorek gobernatzen zituzten, ez baitzen probintzia-hauteskunderik egon. Kanariar uharteei dagokienez, Konstituzioan ezarri zen uharte bakoitzak kategoria organiko bat osatuko zuela eta uharte-kabildoa izango zuela, uharteko interes bereziak kudeatzeko kidego moduan, legeak probintziei esleitutako ahalmen berberekin; Balear uharteei araubide berdina hautatzeko aukera eskaini zitzaien. Baina 1931ko Konstituzioak lurralde-antolaketan egindako benetako berrikuntza, Espainiako konstituzio-historian lehenengoz egin zena, autonomia-erregioak aitortzea izan zen, Espainiako erronka historiko bat ebazteko asmoz: lurralde-antolaketa, edo garai hartan esaten zen bezala, erregio-arazoa. Horretarako, Estatuaren antolaketa politikorako modu bat aurkitu nahi zen, estatuaren batasuna eta erregio-berezitasunen aitorpena bateragarriak izateko. Arazo hori Donostiako Itunean aipatu zen eta Konstituzioaren I. tituluak eta Kataluniako Autonomia Estatutuak, 1932koak, eta Euskal Autonomia Estatutuak, 1936koak, garatu zuten (Galiziako Autonomia Estatutua ezin izan zen aldarrikatu gerra zibila zela eta). Azkenean ezarri zen formula estatu bateratuaren eta estatu federalaren artekoa izan zen. Erregio-eredua hautatu zen, estatu integral izendatu zutena. Konstituzioak diseinatutako ereduak autonomia-erregioak eratzeko ekimena eratxiki zien historia-, kultura- eta ekonomia-ezaugarri erkideak zituzten mugako probintziei. Horiek hala erabakiz gero, euren Estatutua aurkez zezaketen konstituzio-testuaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, hau da, udal gehienen edo gutxienez erregioko hauteskunde-erroldaren bi herenak hartzen zituzten udalen ekimenez. Ondoren, horretarako deitutako plebiszituan onetsi behar zuten erregioko hautesleen bi herenek 130
Konstituzio zuzenbidearen.indd 130
12/11/07 11:49:24