96
RAMÓN PARADA
Jabetzaren arazoak epaile zibilei erreserbatzen zaizkie. Ondorenez, jabetza mugakideen kasuan, horiek erabakitzen dute ondasunen titulartasuna eta herri jabariaren norainokoa. Onartzeko moduko bide bakarra arazook epaile zibilei erreserbatzea da, eta bide hori baino ezin da bateratu Espainiako tradizio juridikoarekin eta Epai Botereari buruzko 1985eko Lege Organikoaren eskumen banaketarekin. Lege horren 22. artikuluak eskumen esklusiboa esleitu dio jurisdikzio zibilari, «Espainian dauden ondasun higiezinen gaineko eskubide errealen eta errentamenduen alorrean». Horixe da Hipoteka Legearen 1. artikuluarekin bat datorren irtenbide bakarra. Artikulu horrek epaile zibilen zainpean jartzen ditu Jabetza Erregistroaren idazpenak; beraz, idazpen horiek jasotakoa ezin daiteke aldatu administrazio egintza hutsen bidez.
12. ZEHAPEN AHALGOA Espainiako doktrinak adierazi du Administrazioari zuzeneko ahalgo zehatzailea dagokiola, herri jabaria artatzeari begira. Doktrinari helduz, beste antolamendu juridiko batzuetan ere —esaterako, Frantziakoan—, Administrazioak zuzeneko ahalgo zehatzailea du (GARRIDO). Horratik, zehaztu beharra dago oharpen hori. Frantziako Administrazioak herri jabaria artatzeko zuzeneko ahalgo zehatzailea duela baieztatzea ez litzateke erabat zehatza izango, zehapen ahalgo hori zigor jurisdikzioko polizi auzitegiei edo administrazio auzitegiei dagokielako. Administrazioak police de voirie deiturikoa besterik ez du: ordena publikoa zaintzeko eta herri jabaria artatzeko polizi ahalmena. Guztiarekin ere, horrek ez du esan nahi Administrazioak zuzenean zeha ditzakeenik norbanakoak. Administrazioak araudian jaso ditzake urratzea dakarten egitateak, herri jabaria artatzeko polizi ahalmenak erabiliz. Bide horretatik, demanio ondasunen segurtasuna, osotasuna eta osasunkortasuna bermatuko lirateke (horrela egin ohi da zirkulazioaren arloan). Dena den, urratze horien ondorioz aplikatu behar diren zehapenak polizi auzitegi hutsek ezartzen dituzte. Deitura hori gorabehera, polizi auzitegiak zigor jurisdikzioaren barruan daude, eta ez Administrazioan. Herri jabaria artatzeko polizi eginkizunaren xedea da, batez ere, demanio dependentzia batzuen osotasuna bermatzea. Hainbatenaz, eginkizun horren eremua gainerako eginkizunena baino murritzagoa da, eta ondarea defendatu beharra nabariago ageri da. Polizi ahalmen horren jatorria zein den jakiteko, Antzinako Erregimenean zeuden intendenteen ahalmen errepresiboetara jo beharra dago. Frantziako Iraultzaren ondoren, prefektuen kontseiluen esku-