HERRI JABARIAREN ERABILPENA ETA BABESA
89
Espainiako Zuzenbidearen babeserako neurri zehatzak aztertu baino lehen, gogorarazi beharra dago gehiegiko babes eraentza demanio ondasunei soilik aplikatzen zaiela Zuzenbide konparatuan. Zuzenbide konparatuak jatorrizko irizpideari eutsi dio, Administrazioaren ondare ondasunen eta herri jabariko ondasunen arteko bereizketa bidezkotuz. Hala izanik, babes ahalmenak polizi ahalmen gisa erabiltzen dira Italiako Zuzenbidean. Ahalmenok arautzeko neurriak jasorik daude jabetza eta edukitza arautu dituen testuan, hots, Kode Zibilean: «… specta alla autoritá amministrativa la tutela dei beni que fanno parte del demanio pubblico. Essa ha facultá di procedere in via amministrativa, sea di valersi dei mezzi ordinari a difesa della propietá e del posseso». Frantziako Zuzenbidean ez dira aipatu ere egiten ondasuna berreskuratzeko Administrazioaren ariozko ahalgoak; haatik, preskribaezintasunaren eta besterenduezintasunaren arauak aplikatzen dira herri jabaria babesteko. Polizi ahalmen arruntak ere badagozkio Administrazioari, ondasunen osotasunaren eta ohiko erabileraren aurkako erasoetatik defendatzeko. Horrezaz landara, grande de voirie deritzona urratzeak ondoko berezitasuna dakarkio Administrazioari: teknika errepresiboa erabil dezake eta ondasuna berreskuratzeko zigor alorreko nahiz eremu zibileko teknikak aplika ditzake, ibai, itsas eta trenbide demanioaren, demanio militarraren, eta telefono eta telegrafo lineen arloan. Administrazio auzitegien zuzeneko eskumena da teknika errepresiboa. Administrazio auzitegiek ez dute aldez aurretiko administrazio egintzarik behar teknika errepresiboa erabiltzeko, baina instrukzioaren administrazio espedientea tramitatu behar dute. Administrazio auzitegiok zigor jurisdikzioaren antzera jarduten dute horrelakoetan.
9. PRESKRIBAEZINTASUNA Inoren ondasun pribatuen edukitza aldi jakin batez dutenek ondasun horien jabetza eskura dezakete. Ondasun higiezinen kasuan, ondasunak hamar edo hogei urtez eduki behar dira; hori bai, titulu zuzena eta onustea behar ditu edukitzaileak. Ondasuna hogeita hamar urtez eduki bada, ordea, edukitzaileak ez du tituluaren, ez eta onustearen beharrik (Kode Zibilaren 1957 eta 1959. artikuluak). Herri jabariko ondasunak, aldiz, beti dira herri jabarikoak eta Administrazioak beti du horien titulartasuna, edozein izanik ere norbanakoek ondasuna edukitako urte kopurua. Horixe esan nahi du preskribaezintasunaren arauak. Agerikoa da Partidetan ere preskribaezintasuna: «… guztienak diren herrietako plazak, bideak, bazkalekuak eta antzeko tokiak ez dira preskripzioz galtzen» (VII. legea, XIX. titulua, 3. partida).