HERRI JABARIAREN ERABILPENA ETA BABESA
79
Bestelakoak dira kotxe ofizialei eta erakunde zehatz batzuetan zerbitzuak egiten dituzten norbanakoei erreserbaturiko aparkalekuak. Etsenplu modura, hauek dira erakundeok: erakunde ofizialak, klinikak eta ospitaleak. Halako aparkalekuetan, erabilera erkide orokorra debekatu eta bakarreko erabilera onartzen da (Zirkulazio Kodearen 119. artikulua). Garraio kolektiboek edo banakako garraioek (taxiek) egiten dituzten zerbitzuak erabilera erkide bereziaren barruan daude, gainerako erabilerek baino intentsitate handiagoa dutelako. Galtzaden gainerako erabiltzaileekin konparatuz, taxi lizentzien titularrek merkataritzako ustiapen egoitza bihurtu dituzte herri bideak. Hori dela eta, zerbitzu horiek zerbitzu publiko gisa kalifika badaitezke ere, ulertzekoa eta arrazoizkoa ere bada zerbitzu horiek mugapenei loturik egotea; bada, kontutan hartzekoa da demanioaren erabilpenaren intentsitatea. Amaitzeko, erabilera erkide bereziaren multzoan dauden beste kasu batzuk aztertuko ditugu: museoak hiritar guztiek erabiltzea, baldin eta museoa bisitatzeko tasa ordaindu behar bada; arrantzaren edo ehizaren esparruko zenbait jarduera egikaritzeko lizentzia behar izatea edo debekualdia dela-eta jarduera horiek ezin gauzatzea; azkenik, nabigazioaren esparruko ontzi batzuei dagokienez, nabigatzen hasi aurretik, lizentzia eta ezaguera zein trebetasun bereziak behar izatea (arrantzarako ontziburuen titulua, yate jabeen titulua‌) etab. Azken horri helduz, hainbat ontzi zenbait portutan amarratzeak, besteak beste, kotxeen aparkamentuak dakartzan antzeko arazoak sortarazten ditu.
5. HERRI ERABILERARI LOTURIKO ONDASUNEN BAKARREKO ERABILPENAK. KOKAPENAK ETA OKUPAZIOAK Ondasun batzuen helburu nagusia erabilera erkideari loturik egotea da. Ondasun horien bakarreko erabilpenak indarrik gabe uzten du berdintasun printzipioa, norbanakoen mesedetan. Horrelaxe gertatu ohi da ondoko kasuetan: herri kale edo plaza batean kioskoa instalatzeko baimena ematen zaionean egunkariak saldu nahi dituenari eta tabernetako jabeek bezeroentzako mahaiak eta aulkiak jartzen dituztenean herri kaleetan. Bistan da bakarreko erabilera demanio ondasunaren helburu nagusiaren aurkakoa dela, hots, erabilera orokorraren kontrakoa. Hari bertsutik, herri jabariaren ez ohiko erabilpen gisa kalifikatzen da bakarreko erabilpena. Ez ohikoa izan arren, onartzen da erabilpen hori, goraxeago aipatutako aurkakotasuna ez baita larria; arean bere, demanio ondasunaren zati baten gain soilik egikaritzen da bakarreko erabilpena. Horrenbestez, aurrera eraman daiteke ondasunaren helburu nagusia, hau da, erabilera orokorra.