76
RAMÓN PARADA
herri erabilerako ondasunak erabiltzea beharrezko oinarria besterik ez bada, udalerriko edo probintziako herri zerbitzua eman dadin» (74. art.).
3. ERABILERA ERKIDE OROKORRA. HERRI BIDEEN MUGAKIDEAK Kasu honetan ematen da erabilera erkidea: jendeak bereizkeriarik gabe eta izenik eta titulurik agertu gabe erabiltzen dituenean herri jabariko ondasunak. Erabilera erkidearen multzoan sartzen dira lurreko herri bideak (errepideak, kaleak, plazak, pasealekuak), lurralde itsasoa eta itsasondoak, ibaiertzak eta uren ibilguak. Norbanakoen erabilpena ondokoa izan ohi da eskuarki: ibiltzea, egonalditxoren bat egitea eta, batzuetan, demanio dependentzien fruitu edo ekoizkinak aprobetxatzea (arrantza, ehiza). Askatasun, berdintasun eta dohainekotasun printzipioek eraentzen dute erabilera orokorra. Demanio ondasunen erabilpenaren inguruko administrazio egintzek edota xedapenek printzipio horiek errespetatu behar dituzte. Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiak askatasunaren printzipioa baino ez du jaso: «Herri jabariko ondasunen erabilera erkidea askatasunez egikaritzen da, baina erabilera horrek baterakorra izan behar du ondasunen izaerarekin, ondasunok herri helburuei lotzeko gauzatzen diren egintzekin, ondasunon erabilera jendeari zabaltzeko egintzekin, legeekin, araudiekin eta gainontzeko xedapen orokorrekin». (76. art.). Askatasun printzipioak berdintasun eta dohainekotasun printzipioak dakartza, eta lege bereziek ere askatasun printzipioa nagusiarazi dute. Portuei buruzko Legearen 12. artikuluak hauxe dio itsas demanioa arautzean: «… askatasunez erabiltzen dira itsasbazterrak, itsasarteak, arradak, badiak eta itsasgolkoak». Askatasun horrek bere barruan hartzen ditu ondokoak ere: «nabigatzea, arrantza egitea, ontziratzea, lehorreratzea, ainguratzea eta antzekoak egitea». Hondartzen kasuari helduz, Portuei buruzko Legeak arautu du «ibiltzeko, bainatzeko, arropa eta sareak garbitu eta zabaltzeko, ontziak lehorreratu, karenatu eta eraikitzeko, abelburuak bainatzeko, eta maskor, landare eta moluskuak biltzeko askatasuna». Hari beretik, Urei buruzko Legearen 48. artikuluak honakoa xedatu du: «Gainazaleko urak euron ibilbideetatik doazenean, guztiek erabil ditzakete ur horiek, edateko, bainatzeko, etxeko beste erabilera batzuk aurrera eramateko edota abelburuei edaten emateko. Kasu horietan, ez da administrazio baimenik behar, baina lege eta araudiekin bat etorri behar du erabilera horrek. Erabilera erkideak ezin ditu uren kalitatea eta emaria aldatu». Askatasun printzipioak ez du horrenbesteko indarrik gaur egun, ingurugiroa defendatzeko ardura gero eta handiagoa delako. Ardura hori ez da beti ondo elkartzen erabilera erkidearekin, ez eta askatasun printzipioarekin ere,