HERRI JABARIAREN ERABILPENA ETA BABESA
75
1. Erabilera erkidea, hiritar guztiek modu berean gauzatu behar dutena; orduan, hiritar batzuen erabilerak ezin du gainerako interesatuena eragotzi. Honelakoa izan daiteke erabilera erkide hori: a) Orokorra, inguruabar berezirik ez dagoenean. b) Berezia, inguruabar bereziak daudenean, hau da, arriskutsutasuna, erabileraren intentsitatea eta antzeko ezaugarriak ageri direnean. 2. Bakarreko erabilera gertatzen da herri jabariaren zati bat okupatzen denean, gainerako interesatuen erabilera mugatu edo baztertuz. 3. Ohiko erabilera herri jabariko ondasunaren destino nagusiarekin bat datorrena da. 4. Ez ohiko erabilera destino nagusiarekin bat ez datorrena da (ekainaren 13ko 1.372/1986 Errege Dekretua). Sailkapena egitean, legegileak asmo handiak bete nahi zituen arren, norbanakoek herri jabaria nola erabiltzen duten besterik ez du azaltzen sailkapen horrek. Administrazioaren zuzeneko erabilpena aipatu ere ez du egiten, nahiz eta herri zerbitzuei loturiko ondasunen kasuan ohikoa izan erabilpen hori. Geroago ikusiko dugunez, jaso egin du Administrazioaren zuzeneko erabilpena Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiak ere.
2. HERRI ZERBITZUEI LOTURIKO ONDASUNEN ERABILPENA Legeak besterik esan ezean, administrazio organoek eurek bakarrik erabiltzen dituzte herri zerbitzuei loturiko ondasunak. Antzekoak dira erabilpen hori eta Administrazioaren nahiz jabeen ondare ondasunen erabilpena. Halaxe da, batez ere, ondasunen erabilpena zeharo esklusiboa denean (esaterako, indar armatuek bulego militarrak erabiltzen dituztenean). Edozein modutara ere, batzuetan, nahitaez gertatzen da administrazio organoen zuzeneko erabilpena eta norbanakoen erabilpen murritza baterakorrak izatea (hain zuzen ere, ondasuna herri zerbitzuari lotuta dagoenean eta norbanakoa zerbitzu horren onuradun denean; horren adibide dira: garraio publikoa, edota irakaskuntzarako, osasun arlorako eta abarretarako eraikinak). Halakoetan, norbanakoek ez dituzte zuzenean erabiltzen herri zerbitzuei loturiko ondasunak, ezpada zerbitzuaren bitartez; hala ere, zerbitzuaren berezko arauek lehentasuna dute hiritar guztien erabilpenari dagozkion arauen gain. Halatsu ezarri du Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiak: Toki Erakundeen Zerbitzuei buruzko Araudiak eraentzen du herri zerbitzuko ondasunen erabilera‌; horrez gain, lehentasuna dute arau horiek, baldin eta