68
RAMÓN PARADA
demanioko eskubide errealak. Bide horretatik, DÍEZ PICAZOk hauxe azaldu du: «Kode Zibilak jabetza eta ondasun adierazmoldeak nola erabili dituen ikusita, eta Estatuaren Ondareari buruzko Legearen espiritua eta sistematika ahaztu gabe, Espainiako antolamendu juridikoak onartu du jabetzaz besteko ondare eskubideek ere demaniotasun izaera izan dezaketela». Horretara, DÍEZ PICAZOren ustez, administrazio zortasunen ikerketa erraz daiteke eta «bihar-etzi erabilgarri izan daitezkeen beste kasu batzuetan, ius in re aliena erakundea aplikatzea ahalbidera daiteke; horren ildotik, eskubide erreal mugatu bat derrigor desjabetzeak, esaterako, beti ekarriko du jabaria desjabetzeak baino kostu gutxiago». Guztiarekin ere, ZANOBINIk ohartarazi bezala, Italiako Kode Zibilaren 825. artikuluak jaso egin zituen norbanakoen ondasunen gaineko eskubide erreal publikoak (partzialak). Kategoria hori jabetzari egin ohi zaizkion mugapen orokorretatik eta zortasunetatik bereizi beharra dago. Norbanakoen ondasunen gaineko eskubide erreal publikoak onartzeko, administrazio jarduerak suspertu behar dituzte eskubideok eta demaniotasunaren berezko polizi ahalmenen eta hertsatzeko ahalmenen bidez defendatu behar dira.
8. ONDASUNAK HERRI HELBURUEI LOTZEA ETA ONDASUNOK JAREGITEA. DEMANIOTASUNAREN HASIERA ETA AMAIERA Ondasuna demanio ondasun dela esateko, herri helbururen bati loturik dagoen ala ez ikusi behar da, batez ere. Garrantzitsua da, beraz, demaniotasuna nola hasi eta amaitzen den aztertzea. Hariari segiz, ondasunak herri helburuei lotuta egotea eta, horrenbestez, ondasun horien demaniotasuna ez dira berdin gertatzen herri jabariko ondasun guztien kasuan. Ulertzekoa da hala izatea, ondasunak ugariak direlako, eta ugaritasun horrek dakarrelako ondasunon eraentza anitza. Horrelakoetan, ezinezko gertatzen da batzuetan arauketa baterakoia aplikatzea. Nahitaezko herri jabariko ondasunen (ibaien, itsaso-lehorreko aldearen, hondartzen eta abarren) demaniotasuna finkatzeko, ondoko baldintzak bete behar dira: a) Ondasun genero baten demaniotasunari buruzko arau orokorra aplikatzea. b) Ondasunak ezaugarri fisiko jakin batzuk izatea, horrelako generoren batean sartzeko. Hortaz, Administrazioak ez du eratze jarduerarik aurrera eraman beharrik, ondasuna demanio ondasun gisa kalifikatzeko. Legeak aurkakorik ez