66
RAMÓN PARADA
Espainiako Zuzenbidean berariaz aintzatetsi zaie herri jabariko ondasunen titulartasuna lurralde erakundeak ez diren organo batzuei, besteak beste, unibertsitateei. Unibertsitatearen Eraldaketari buruzko Legearen 53. art.ko 2 eta 3. lerroaldeek hauxe jaso dute: «Unibertsitateek herri jabariko estatu ondasunen titulartasuna bereganatzen dute, ondasunok unibertsitateen helburuen betepenari loturik daudenean. Era berean, unibertsitateek ondoko ondasunen titulartasuna izango dute: estatuak eta autonomi erkidegoek bihar-etzi euron helburuak betetzeko destina ditzaketen ondasunena. Beti ere, salbuetsi behar dira estatuko historia eta arte ondarearen ondasunak. Kasuan kasuko arau orokorrekin baterakorrak izan behar dute herri jabariko eta jabari pribatuko ondasunen administrazioak eta xedapenak». Autore guztiak gogaide omen dira, Administrazio korporatiboaren jabetzako ondasunak kalifikatzean (ganbara ofizialak, elkargoak eta abar). Horien aburuz, Administrazio korporatiboaren jabetzako ondasunak ez dira herri jabariko ondasunak, nahiz eta erabilera korporatiboei loturik egon. Espainiako Zuzenbidean Administrazio korporatiboaren jabetzako ondasunak ez daude Administrazio zuzenbidearen oinarrizko eraentzaren menpe. Ondasun horiei ez zaizkie, besteak beste, berezko interdiktua eta enbargaezintasunaren printzipioa aplikatzen. Dakigunez, oinarrizko eraentza hori jaso du Ondareari buruzko Legeak, estatuaren ondasunak arautzean. Ildo beretik, Zuzenbide publikoaren korporazioen ondasunak ondasun pribatuak dira eta Zuzenbide zibilaren arauek baino ez dituzte eraentzen. Ondasunok babesteko, akzio hauek erabiltzen dira: interdiktu akzioak, akzio adierazleak eta erreibindikazio akzioak, hain zuzen ere, jabetza pribatua babesten dutenak.
7. DEMANIOTASUNAREN OBJEKTUA ETA NORAINOKOA Tradizioaren arabera, herri jabariko ondasunak ondasun higiezinak bakarrik izan daitezke. Horixe izan da Erromako Zuzenbidearen eta gaur egungo antolamendu juridikoek jasotako legeen ulerkera. Ondasun higiezinak esatean, horien barne sartzen dira estatuko lurraldeak edo lurralde zatiak, halaxe baitio hitzez hitz Frantziako Kode Zibilak. Irizpide hori gainditurik dago eta, doktrinaren iritziz, erabil daitezke ondasun higikor batzuen kasuan ere herri jabariko ondasun higiezinak babesteko erabili ohi diren arrazoiak. Ondokoak dira ondasun higikor horiek: agiriak, artxibategiak eta kolektibitate publikoen eta herri zerbitzuren baten artelanak. Ondasun higikorren demaniotasuna zehazteko, gogoan izan behar da ondasun ordeztezinak eta suntsiezinak diren ala ez. Ezaugarri horiexek dituzte aipatu berri ditugun ondasun higikorrek. Baldintza horiekin onartu dute ondasun higikorren demaniotasuna Frantziako Kasazio Gorteak (1963ko apirilaren 12ko Cass. Civ., Montagne c/ Réunion des