HERRI JABARIA
61
nondik begira dakiola ere, Administrazioaren babes handia eman zaie auzo mendiei, erkidegoan dauden auzo mendien epaimahaiak sortuz. GUAITAren iritziz, erkidegoek halako administratibizazio edo despribatizazio kutsua dute. Epaimahaion lehendakaria autonomi erkidegoek izendatzen dute, eta halakorik egon ezean, gobernadore zibilak. Epaimahaiek auzo mendi gisa sailkatzen dituzte lurrak, eta horien jabetza erkidegoari eratxikitzen diote (erabaki hori jurisdikzio arruntean aurkara daiteke); hori ikusirik, herri onurako mendien katalogotik eta udalerriaren ondasunen inbentariotik kanpo geratzen dira auzo mendiak. Auzo mendien izaera publikoa edo administrazio izaera ageri dute ondoko inguruabarrek: Administrazioak eskumena du auzo mendiak mugatzeko eta zedarritzeko eta horien ordezpenari buruzko arauketa eraentzeko. Arean bere, auzotarrez osaturiko taldea azkenduz gero, mendia lupertzeko nahiz artatzeko arauak jasotzen ditu toki erakunde txikiak edo, halakorik egon ezean, udalerriak; baina Toki Eraentzari buruzko Legeak auzo ondasunen inguruan ezarririko baldintzak bete behar dira.
5. HERRI JABARIAREN IZAERA. SUBIRANOTASUNA ETA JABETZA Herri jabaria guztien erabilerari loturiko ondasun multzoa zela ulertu zuten Administrazioko herri jabariaren eta jabari pribatuaren arteko bereizketaren lehenengo teorialariek. Horrela izanik, autore horiek adierazi zuten herri jabariko ondasunen gain ezin zela jabetza pribaturik eratu. PROUDHON omen da, hain zuzen, tesi horren sortzailea (TraitĂŠ du domaine public, ou de la distinction des biens, 1833) eta erromatarren tradizioari ekinez, res nullius eta res omnium communis gisa sailkatu zituen herri jabariko ondasunak. PROUDHONen aburuz, estatuak bere ondare ondasunen, hots, jabari pribatuko ondasunen gaineko jabetza soilik du, eta ez herri jabariko ondasunena. Berrikitan ikusi dugun tesi horretatik abiatuz gero, bateraezinak dira herri jabariko ondasunen ukipena eta jabetza eskubideak dakarren indibidualismoa edota esklusibotasuna. Estatuak polizi ahalmen huts-hutsak ditu herri jabariaren gain, hots, zaintzeko eta jagoteko ahalmenak. Jabetzaren kasuan gertatu aldera, ahalmenok ez dakarte erabilera esklusiborik, herri jabariko ondasunak guztionak direlako; bestalde, ezin da ondasunon errentarik jaso, gutxi-gutxitan ematen baitute ondasunek halakorik, ez eta herri jabariko ondasunik xedatu, besterenduezinak direlako. Aitzitik, herri zerbitzuaren eskolakoen (DUGUITen, JEZEn) ustez, herri zerbitzuari loturiko ondasunei aplikatu behar zaie demanio kontzeptua eta, horretarako, ondasunok herri helburuei lotuta egotearen irizpidea erabili dute irizpide nagusi gisa. Autore horien arabera, erabat hutsala da esatea Adminis-