Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 55

HERRI JABARIA

55

B) Udalerriaren ondasunen eta auzo ondasunen arteko desberdintasunaren jatorria eta bilakaera Auzo ondasunen gizarte jatorria nahiz jatorri politikoa zein den jakiteko, giza taldeei, hau da, herriei emandako emakidetara jo beharra dago. Birkonkistak aurrera egin ahala, bazter utzitako lurrak birpopulatzeko asmoz eman ziren emakidok. Gehienen ustez, erkideen arteko harreman juridikoak hurbilago daude germaniarren erkidegotik, erromatarren jabekidetzatik baino. Germaniarren erkidegoan ez dago partaidetza kuotarik; erromatarren jabekidetzaren kasuan, berriz, zati alikuotak egin daitezke eta actio communi dividendo deiturikoa egikari daiteke, indibiso egoerari buru emateko. Ondasunon titulartasunaren arazoak ere atzera-aurrera ugari ditu. Hasieran, auzo ondasunak res communis omnium moduan kalifikatu ziren, baina udalaren antolaketa finkatuz zihoan heinean, kontzejuari eman zitzaizkion auzo ondasunak. Kontzejua zen herri osoaren edota herriko auzo baten ordezkari. Dena den, historiari begiratzen badiogu, badira arrazoiak auzo aprobetxamenduko lurrak —alferreko lurrak eta eremuak, besteak beste— Koroari zegozkiola pentsatzeko, nahiz eta lurron edukitza eta erabilpena auzotarren eskuetan geratu. Lurron aprobetxamendu hori noizbehinkakoa zen eta ez oso eratua. Ondasunen titulartasuna zatiturik zegoenez, ezin zen erregeren lurrik saldu. Horretara, desamortizazio legeriak salmenta horiek salbuetsi zituen (1813ko Dekretua, 1819ko Jarraibidea, 1822ko Dekretua, 1955eko Legea). Auzo ondasunen aldean, udalerriaren ondasunek kontzejuaren aurrekontu edo gastuei (lanei, funtzionarioen ordainketei eta abarri) aurre egiteko errentak dakartzate. Nolanahi den ere, XIX. mendean udalerriaren ezin konta ahalako ondasunak ez ziren beharrezkoak zerga sistema berriaren diru sarrera gisa. Desamortizazio legeriaren aginduz, udalerriek euren ondasunok ez ezik, auzo ondasun ugari ere saldu behar izan zituzten. Auzo ondasunak legeak salbuetsitakoak izan arren, udalerriaren ondasun gisa kalifikatzen ziren, auzotarrek kanon txiki bat ordaindu behar zutelako; edozelan ere, zozketaren bidez lupertzen ziren ondasun horiek. Akats larri horren ondorioz, likidatu egin ziren auzo aprobetxamenduko ondasunak eta ondasun kolektibo garrantzitsuak. Luzaroan iraun zuen egoera horrek, baina toki legeria modernoak onartu zuen baterakorrak zirela halako kostubidezkotasuna, hots, kanona ordaintzea eta auzo ondasunen aprobetxamendua —esangura hertsian ulertuta (NIETO)—.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1) by elkarmedia - Issuu