Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 53

HERRI JABARIA

53

(10. art.). Azkenik, mendi publikoen osotasuna defendatzeari dagokionez, Baso administrazioak zehapen ahalgo zabala du. Mendien gehiegiko babes tekniken zerrenda luzean ez da preskribaezintasuna ageri eta honakoa da horren arrazoia: legea bitarteko sistemara lerratu da, eta mendiak aparteko preskripzioaren bidez eskuratzea onartu arren (30 urte), preskripzio arruntaren bidezko eskuraketa baztertu du. Horrezaz aparte, preskribatzailearen edukitzak honako baldintzak bete behar ditu epe horretan: jabe gisakoa, publikoa, baketsua eta etenik gabekoa izatea (1962ko otsailaren 22ko Dekretuak onetsitako Mendiei buruzko Araudiaren 64. artikulua). Zuzenbide erkideak jasotako babes eraentza gehiegikoa katalogoko mendi guztiei aplikatzeko modukoa da. Hala da, nahiz eta Araudiaren 11. artikuluaren arabera, mendi publikoek baldintza batzuk bete behar herri jabariko ondasunak izateko. Beste modu batez esanda, katalogoan agertzeaz gain, herri erabilerari nahiz herri zerbitzuei loturik egon behar dute mendi publikoek. Gainerako ondasunak ondare ondasunak dira. Alfer-alferrekoa da araudiak eginiko bereizketa, nahikoa delako ondasuna estatuaren aberastasunari loturik egotea, ondasun hori Kode Zibilak jasotako demanio kontzeptuan sailkatzeko; eta, batez ere, ondasuna herri erabilera nahiz zerbitzuren bati lotuta egoteaz gain, lotura horren eraentza juridikoak dakartzan berezitasun gehiegikoak ere erabakigarriak izango liratekeelako. Berezitasun horiek katalogoko mendi guztiak ukitzen dituzte, baita euren demanio izaera aldarrikatu ere, geroago ikusiko dugunez.

4. TOKI ERAKUNDEEN ONDASUNAK. AUZO ONDASUNAK A) Toki erakundeen ondasun motak Toki erakundeen ondasunei aplikatzeko modukoa ere bada estatuaren eta autonomi erkidegoen —biak daude arau berberei loturik— herri jabariko ondasunei nahiz ondare ondasunei buruz esandakoa. Ondoko bereizketa egin du toki erakundeak eraentzen dituen arauak, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsitakoak: lehenik, herri erabilerari eta zerbitzuei loturik egonik, herri jabarikotzat hartu diren ondasunak; bigarrenez, ondare ondasunak; eta, hurrenik, auzo ondasunak (tertius genus). Azken mota hori ezezaguna da estatuaren esparruan. Honelaxe definitu ditu legeak ondasun horiek guztiak: a) Tokiko herri erabilerako ondasunak ondokoak dira: bideak eta errepideak; plazak; kaleak; parkeak; urak; iturriak; kanalak; zubiak eta aprobetxa-


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.