HERRI JABARIA
51
Meatzeak herri jabariko ondasun gisa kalifikatzeak ez du ezelango euskarririk, ez Espainiako tradizio juridikoan, ez Zuzenbide konparatuan, ez eta mea-substantzien eraentzan. Izanak izan, Espainiako doktrinak herri jabariko ondasunen kalifikazioa eman die batik bat, eta, besteak beste, 1973an indarrean zegoen Meatzeei buruzko Legeak herri jabariko ondasun moduan kalifikatu dituelako. Meatzeen kalifikazioa mutatis mutandi aplika daiteke, hidrokarburoak herri jabariko ondasunen artean sailkatzen direnean (hidrokarburoek meatzeen antzeko eraentza dute, 1974ko ekainaren 27ko Legearen arabera). Kalifikazio hori muturreraino irits liteke harkaitzen kasuan. Harkaitzak ere Meatzeei buruzko Legean daude arauturik («balio ekonomiko handirik ez duten eta lurralde mugatu batean salerosten diren baliabideak, edota azpiegitura obretarako, eraikuntzarako edo antzeko erabileretarako neurri eta forma egokia duten zatiak lortzeko bakarrik erabiltzen diren baliabideak, baldin eta zatiok lortzeko, erauzte, puxkatze eta kalibratze lanak baino ez badira egin behar». Lehen adierazi dugunez, legean ez dago inolako sostengurik meatzeei herri jabariko ondasunen kalifikaziorik emateko. Gabezia hori nabariagoa da harkaitzen kasuan, legeak funtsen sistema edo akzesio sistema ezarri duelako. Akzesio sistemari helduz, harkaitzen aprobetxamendua horiek dauden lurren ugazabari dagokio. Antzeko eraentza aplikatzen zaie mea-medikuntza eta mea-industria urei. Administrazioaren baimena aldez aurretik izanik, lurraren ugazabari dagokio urok aprobetxatzeko lehenespen eskubidea, urak lur pribatuetan daudenean; lur publikoetan daudenean, aldiz, baimena lortu duenari. Lurreko urak estatuaren aberastasuna suspertzeari loturik daude eta horien aprobetxamendu nagusiak meatzeen antzera antolatzen dira (kasurako, herrien hornikuntza, ureztaketa eta energia elektrikoa). Administrazioak emakidak ematen dizkie erakunde publiko eta norbanakoei, aprobetxamenduak preskripzioz ezin eskura zitezkeela ezarri baitzuen 29/1985 Legeak —eskuratzeko preskripzioa zen urak res communes omnium moduan ulertzetik geratzen zena—. Lehenago aztertu dugunez, erabilera pribatu horiez gain, urek ondoko erabilera publiko eta orokorrak ere badituzte: bainatzea, nabigatzea, abelburuei edaten ematea eta abar. Horrelatsu gertatzen da itsas demanioaren kasuan. Honakoak daude geroago aztertuko dugun itsas demanioan: itsaso-lehorreko aldea, hondartzak, kontinenteko plataforma eta gune ekonomikoa.
E) Meatzerik gabeko lurpea