48
RAMÓN PARADA
Ulerkera hertsi hori zabaldu du Estatuaren Ondareari buruzko Legeak, jabari pribatuko ondasunak eta herri jabarikoak mugatzean. Horretara, jabari pribatuko ondasunetatik at utzi ditu «erabilera orokorrari edo herri zerbitzuei loturiko ondasunak», eta «herri jabarikoak dira estatuaren jabetzako eraikinak, horietan estatuaren organoak daudenean» (1. art). Toki legeriak jaso duen ulerkera estatuak jasotako ulerkeraren besteko zabala da. Ondasun higiezinak sartzen ditu hark herri jabariko ondasunen multzoan eta, bereziki, eraikinak —bulegoak dituztenak— edota beste zerbitzu batzuk. Herri zerbitzuko ondasunen kontzeptura biltzen dira beste zerbitzu horiek ere. Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 4. artikuluak dioenez, herri zerbitzuko ondasunak dira «toki erakundeen ardurapeko herri xedeak betetzeari zuzenean loturiko ondasunak. Horien artean udaletxeak, probintziako jauregiak eta, oro har, honakoak daude: probintzietako egoitzak diren eraikinak, hiltegiak, merkatuak, lonjak, ospitaleak, pobretxeak, museoak, katalogoko mendiak, eskolak, hilerriak, garraioak, igerilekuak, kirol zelaiak eta herri nahiz administrazio zerbitzuak emateko zuzenean destinatu diren ondasunak». Labur zurrean, Espainiako Zuzenbideak ulerkera hertsia eta taxuzkoa erabili izan du, herri zerbitzuei loturiko ondasunak aztertzean, baina gerora irizpide zabalago honetara jo du: ondasuna herri jabarikoa dela esateko, ondasunak herri zerbitzuari lotuta egon behar du, besterik gabe. Aipatzekoa da herri zerbitzu kontzeptua ulerkera zabalenik zabalenean hartzen dela, hau da, administrazio erakunde kontzeptuaren sinonimo moduan. Aski da, beraz, ondasuna herri zerbitzuari lotzea eta ez da beharrezkoa lotura hori ondasunaren izaeran oinarritzea, ez eta ondasunaren halako egokitzapenean. Frantziako jurisprudentzian, ostera, arau da hori.
C) Koroari loturiko ondasunak. Nazio ondarea Kode Zibilaren 342. artikuluak konpondu du Koroaren jabetzako ondasunei buruzko arazoa. Horretarako, erregeren ondareari buruzko lege berezi batera igortzen gaitu eta halakorik egon ezean, «kodeak jabetza pribatua arautzeko jaso dituen xedapenak» aplikatu behar dira. Nazio Ondareari buruzko ekainaren 16ko 23/1982 Legeak eta hori aplikatzeko araudiak (martxoaren 18ko 485/1987 Errege Dekretuak onetsitakoak) erabakita dute arazo hori Arauketa horrek ez du sorospidez bidaltzen Kode Zibilak jabetza pribatuaren inguruan araututakora, Estatuaren Ondareari buruzko Legeak ezarritakora baizik. Errege ondareari nazio ondare deritzo gaur egun, baina deitura hori desegokia da, administrazio guztietako herri jabaria eta jabari pribatua estatuarena