HERRI JABARIA
45
Irizpideok gainditurik daude gaur egun, Urei buruzko 1985eko abuztuaren 2ko Legeak, neurri handi batean, lurpeko uren publifikazioa ezarri duelako. 3. ONDASUNAK HERRI HELBURUEI LOTZEAREN IRIZPIDEA ERABILTZEA HERRI JABARIA DEFINITZEKO. HERRI JABARIKO ONDASUNAK Esan bezala, Espainiako Zuzenbidean, eta Kode Zibilean batez ere, legegileak behin betiko mugatu ditu herri jabariko ondasunak. Hala ere, Kode Zibila osatu eta zuzentzeko hurrengo legeek ere nolabaiteko ekarpena egin dute herri jabari kontzeptua behin betiko finkatzean: Estatuaren Ondareari buruzko Legeak; toki legeriak (1985eko Oinarri Legea; 781/1986 Errege Dekretuak onetsitako testu artikulatua; eta Toki Korporazioen Ondasunei buruzko 1986ko ekainaren 13ko Araudia) eta demanio ondasun zehatz batzuen inguruko lege bereziek, urei, meatzeei, mendiei, portuei, itsasertzei eta abarrei buruzkoek, hain zuzen ere. Autonomi erkidegoen ahalgo legegileari dagokionez, arau multzo hori da gaur egun oinarrizko legeria, baina Konstituzioaren 132. artikuluak herri jabariaren inguruan jasotakoari lotzen zaio: 1. Legeak arautuko du herri jabariko ondasunen eta auzo ondasunen eraentza, besterenduezintasun, preskribaezintasun, enbargaezintasun eta jaregite printzipioetan oinarriturik. 2. Legeak jasorik dituenak dira estatuaren herri jabariko ondasunak eta, beti ere, ondokoak: itsaso-lehorreko aldea, hondartzak, lurralde itsasoa eta gune ekonomikoak eta kontinenteko plataformak ematen dituzten baliabide naturalak. Esanak esan, iturri sistema korapilatsu bezain zentzugabea sortu du autonomi erkidegoetako eraentzak. Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 1. artikulua da horren erakusgarririk garbiena. Horren harira, Konstituzioa aipatu gabe —aipamena beharrezkoa bada ere—, sei iturburu jaso ditu araudi horrek, tokiko herri jabaria arautzeko: a) toki eraentzaren alorreko estatuaren oinarrizko legeria; b) estatuaren oinarrizko legeria, herri administrazioen ondasunen inguruko eraentza juridikoa arautzen duena; c) autonomi erkidegoek euren eskumenen esparruan emandako legeria; d) toki eraentzari eta ondasun publikoei dagokienez, oinarrizkoa ez den estatu legeria; e) erakundeek bere-bereak dituzten ordenantzak; f) Administrazioko antolamendu juridikoaren eta antolamendu juridiko zibilaren gainerako arauak, modu ordeztailean.