42
RAMÓN PARADA
2. FRANTZIAKO ZUZENBIDEAREN HERRI JABARI KONTZEPTUA ESPAINAIKO KODE ZIBILEAN Kode Zibila onestean, Espainiako Zuzenbideak arautu zituen Administrazioaren ondasunak bi taldetan sailkatzeko sistema eta herri jabariaren inguruko teoria. Horretara, Kode Zibilak jaso ditu Frantziako doktrinan eta jurisprudentzian XIX. mendean barna erroturiko konponbideak; modu berean, ondasuna herri helburuei lotuta egotearen irizpide nagusiari ekin dio, estatuarenak izanik, herri jabariko ondasun moduan kalifikatzen diren ondasunak definitzeko. Administrazioaren ondasun publikoen sailkapena eta herri jabariaren teoria Kode Zibilean jaso aurretik, bestelako irizpidea erabiltzen zen herri jabariko ondasunak sailkatzeko. Antzinako Erregimenaren eta gaur egungo herri jabari adierazmoldearen bitartekoa zen irizpide hori. COLMEIROk, nahaste lauso hori argitu nahian, ondasun hauek bereizi zituen 1865. urtean: Koroaren jabetzako ondasunak, ondasun publikoak, estatuaren jabetzako ondasunak eta korporazioen jabetzako ondasunak. COLMEIROren ustez, herri jabarian guztientzako ondasun publikoak edota herri erabilerari loturikoak bakarrik sartzen dira. Ikus dezagun, bada, sailkapen hori: 1. Koroaren jabetzako ondasunak. Errege ondasunak, errege ondare edota Koroaren jauntza ere baderitze. Sailkapen horren barnean zeuden erregeri bere jaurgoagatik zegozkion lurraldeak, errentak eta morroiak. Fuero Juzgo deritzonak bereizi zituen erresumaren kontura eskuraturiko gauzak eta printzearen jabari pribatuko ondasunak. Partidek bereizketa hori baieztatu eta ondasun guzti-guztiak preskribaezinak zirela adierazi zuten. Ondasunok xedatzeko, printzeak inter vivos zein mortis causa egintzak gauza zitzakeen, nahiz eta egintzok jaraunslearen mesederako izan ez. Konstituzionalismoaren garaian, ordea, honela bereizten ziren ondasunak: errege ondarea eta Koroatik kanpo zeuden gainerako ondasunez osaturiko nazioaren jabaria. Ordainetan, aurrekontuan izendapena egin ohi zitzaion erregeri, tronuaren ospearen mesedetan (Cádizko Konstituzioaren 48. art.). Koroak demanio ondasunak galdu zituen eta erregeren erabilerari loturiko ondasun multzoa soilik esleitu zitzaion. Ondasunok errege ondarekoak izanik (jauregiak eta erregeren erabilerarako beste ondasunak), aurrekontuen pentzutan geratu ziren. 2. Ondasun publikoak edota herri erabilerako ondasunak. II. partidaren XVIII. tituluaren I. legeak dioenez, «pertenecen a todos los omes comunalmente, en tal manera que tan bien pueden usar dellos los que son de otra tierra extraña, como los que moran o viven en aquella tierra do son».