HERRI JABARIA
37
estatuaren jabetzako ondasuntzat hartzen ziren, estatuak benetako jabari eskubideak zituelako horien gain. Uren kapituluan geldiroago aztertuko dugunez, Erromako Zuzenbideak res communes omniumak arautu zituen. Res publicae in uso publico deritzenen antzeko eraentza zuten eta, horien artean, ondokoak zeuden: nabigatzeko moduko ibaiak, itsasoa eta itsasondoak. Estatuaren jabetzakoa zen ager publicusa: erromatarrek beste herri batzuei konkistaturiko lurrez osaturik zegoen eta erromatarrei zegozkien lur horiek. Estatuak lurron edukitza eman arren, berarentzat atxiki ohi zuen jabetza. Edukitza hori era askotakoa izan zitekeen. Aerarium saturni edo populi romano deritzonaren eta fiscus caesarisaren arteko bereizketa agertu zen printzealdian. Senatuak administratzen zuen aerarium saturnia, senatu-probintzia ororen stipendiuma izanik; populi romanoa, aldiz, inperioko probintzien tributumez osaturik zegoen. Inperioa irmotu ahala, aerariuma ahituz eta Fiscusa haziz joan zen, harik eta Fiscusak aerariuma osoro irentsi zuen arte. Augustoren garaian, Patrimonium caesarisa azaldu zen (enperadorearen ondasun pribatuen multzoa).
A) Herri jabariaren eta jabari pribatuaren arteko bereizketa Frantziako Zuzenbidean Ancien RÊgimenen ezezagunak ziren Administrazioaren herri jabariko eta jabari pribatuko ondasunen arteko bereizketa nahiz eraentza juridiko bikoitza. Koroaren jabarian, hots, herri jabarian mota askotako osagai materialak eta eskubide ez-materialak zeuden. Lehenengoen multzoan ondokoak sartzen ziren: bideak, ibaiertzak, itsasondoak, plaza militarrak eta abar; bigarrenean, berriz, erregeren eta jaunen eskubideak, zerga eskubideak‌ Titular bereko ondasun multzo hori babesteko, oinarrizko arau hauek aplikatu ohi ziren: a) batetik, preskribaezintasuna, gainontzekoen gehiegiko okupazioetatik defendatzeko (1667ko abuztuan emandako ediktua); b) bestetik, besterenduezintasuna, jabaria segurtatzeko. Arean bere, erregea Koroaren jabaria eralgitzeko arriskuan eror zitekeen. Kezkagarria zen hori, jokabide horrek zerga gehiago ezarri beharra ekar zezakeelako (Moulinsko 1566ko Ordenantzak). Frantziako Iraultzak goitik behera aldatu zuen Koroaren jabetzako ondasunen eraentza juridikoa. Hasteko, ondasunon titulartasuna nazioari eman zitzaionez, nazioaren jabetzako ondasun bihurtu ziren horiek, gorpuzgabeko ondasunak salbu (1790eko azaroaren 22tik abenduaren 1era bitarteko Nazio Batzarraren Dekretua, relatif aux domaines nationaux, aux echanges et concessions et aux apanages). Hurrenik, ondasunei ordura arteko babesa kendu zitzaien, besterenduezintasuna eta preskribaezintasuna indarrik gabe uztean.