Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 31

ADMINISTRAZIOAREN ONDASUNAK. OINARRIZKO ERAENTZA

31

Izanak izan, administrazio botatzea ez da herri jabariko eta auzo ondasunen babesean soilik geratu. Bestela esateko, finkak derrigorrean desjabetzen direnean, horiek hustu egin daitezke, errentamendu kontratuak eta finken okupazioaren inguruko gainerako eskubide pertsonalak azkendu eta gero. Gainera, toki erakundeen jabetzako etxebizitzetatik irtenaraz daitezke horietan bizi diren funtzionarioak eta toki erakundeen jabetzakoak nahiz babes ofizialekoak diren etxebizitzetan bizi diren maizterrak (Ondasunei buruzko Araudiaren 121, 132 eta 133. artikuluak). Babes ofizialeko etxebizitzen legeriak ere administrazio botatzea onartu eta jaso du, Etxebizitzaren Susperketa Publikorako Erakundearen eta beste suspertzaile ofizial batzuen etxebizitzei begira.

8. ADMINISTRAZIOAREN AUTOBABESERAKO EGINTZEN NORAINOKOA ETA HORIEN JUDIZIO KONTROLA, ONDASUN PUBLIKOEI DAGOKIENEZ Esandakoaren ildotik, honakoak dira Administrazioaren ahalmen gehiegietariko batzuk: mugaketa, Administrazioak bere arioz ondasuna berreskuratzea eta administrazio botatzea. Ahalmen horiek edukitza egoerak zehazten dituzte, baina, gehiegikeria horren konpentsazio gisa, edukitza egoerak bideratzeko administrazio egintzak behin-behinekoak dira. Laburrean esateko, administrazio egintzok edukitza egoerak baino ez dituzte finkatzen. Administrazioari ematen zaio eztabaidagai diren ondasunen edukitza. Hainbatenaz, edukitzailearen onurazko jarreran dago Administrazioa: zain dago, harik eta inork demandatu eta, kasuan-kasuan, beraren aurka jarritako errekurtso nahiz akzioak tramitatu arte. Honakoak dira akzio horiek: Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioan jar dakizkiokeen errekurtsoak eta ustez Administrazioaren esanetara makurturiko jabe nahiz edukitzaileek jurisdikzio zibilean egikariturikoak —akzio adierazleak edota erreibindikazio akzioak—. Kaltetuak izan diren norbanakoek aldi berean aurkara ditzakete ondasuna berreskuratzeko eta edukitza egoerak finkatzeko administrazio egintzak. Hori horrela izanik, izaera berezia dute egintzok: batetik, administrazio egintzak dira eta, bestetik, egintza pribatuak. Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioan jar daitezke jabeei nahiz edukitzaile pribatuei ezarri zaizkien administrazio egintzen aurkako errekurtsoak; halaber, egintza horiek behin-behinean deusezta daitezke jurisdikzio horretan, eskumen eta prozedura arazoengatik. Administrazio errekurtsoak eta Administrazioarekiko auzibide errekurtsoak ez badira epe barruan jartzen, orduan ezin daiteke eskumen eta prozedura arrazoiak azaldu eta horien aurka egin.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.