Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 300

300

14. SUSPERKETA JARDUERA Gero aipatuko ditugun zerga-pizgarriez gain, legeak hauxe ezarri du susperketa neurri gisa: artapen, zaintza nahiz birdoikuntza neurrien eta kultur intereseko adierazpena duten ondasunetan egindako arkeologi azterlan zein hondalanen finantzaketak lehenespena du kreditu ofiziala lortzeko. Beste alde batetik, estatuak osoro nahiz zati batean finantzaturiko obra bakoitzaren aurrekontuan, partida berezia eratu behar da Espainiako histori ondarearen artatze nahiz aberaste lanak finantzatzeko eta arte sormenak suspertzeko, bertoko lanari edo ingurukoari lehentasuna emanez. Partida horren zenbatekoa estatuak emandako fondoen 100eko 1 izan behar da gutxienez. Herri lanak norbanakoek estatuaren finantzaketarik gabe egin eta ustiatu dituztenean administrazio emakidaren bidez, portzentaia hori lana betetzeko aurrekontu osoari aplikatuko zaio (legearen 67 eta 68 art.ak; araudiaren 58.etik 60.era arteko art.ak; eta 1986ko abenduaren 5eko ministro-agindua). Zerga-pizgarrien alorrean, Histori Ondareari buruzko Legean ezarritako eginbehar nahiz zamen betepena konpentsatzeko, hainbat onura aintzatetsi dira, eta onura horiek tributurik gehienak ukitzen dituzte. Horretara, hirilur kontribuzioan eta pertsona fisikoen ondarearen gaineko aparteko zergan aintzatetsitakoez aparte, legearen 69.etik 73.era arteko artikuluek eta araudiaren 61. eta ondorengoek onura hauek eratxiki dizkiete ondasunen jabeei (zehatzgo esateko, kultur intereseko ondasunen erregistro nagusian —edota, ondasun higikorren kasuan, inbentario orokorrean— inskribaturiko ondasunen jabe pribatuei): a) Kultur intereseko adierazpena duten ondasunen jabeek edo horien gaineko eskubide errealak dituztenek ondasun higiezin horietan artapen, hobekuntza zein birdoikuntza lanak euren kontura hasi edo egin dituztenean, ez dute ordaindu behar jabetza kargatzen duen toki zergarik, ezta ondasun horiek lupertu nahiz eskualdatzeagatik eman behar den zergarik ere; horretan, toki ordenantzek ezarritakoa izan behar da kontutan. Edozein kasutan ere, udal interesatuei ezin dakieke inolako konpentsaziorik aintzatetsi estatuaren aurrekontu orokorren pentzutan. b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ordaindu behar dutenek kenkari izango dute euren kuotan; zehatzago esateko, kultur intereseko ondasunak eskuratu, artatu, konpondu, zeharberritu, zabaldu nahiz erakusteagatik inbertitu dutenaren 100eko 20 kenduko zaie. Guztiarekin ere, kenkari horren zenbatekoa ezin daiteke izan zerga oinarriaren 100eko 30 baino handiagoa.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.