Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 298

298 b) Objektu horiei ezin dakieke aplikatu Kode Zibilaren 351. artikuluak altxorrarentzat ezarritakoa («ezkutuko altxorra zein lurretan aurkitu, eta lur horren jabearena izango da. Hala ere, aurkikuntza inoren jabetzan edo estatuarenean eta halabeharrez egiten denean, horren erdia aurkitzaileari eman behar zaio. Aurkitu diren objektuek interesa badute zientzia nahiz arteetarako, estatuak prezio zuzena eman eta eskuratu ahal izango ditu, eta prezio hori adierazitakoaren arabera bananduko da»). c) Zentzuzkoa denez, objektua lur zehatz batean aurkitzen da; bada, lur horren jabeak eta aurkitzaileak eskubidea dute lege tasazioan ondasunari eratxikitzen zaion balioaren erdia jasotzeko—eskudiruzko sari antzo kalifikatu da ordainketa hori—; kopuru hori hainbana banandu behar da bien artean. Aurkitzaile nahiz jabeak bi baino gehiago direnean, proportzio berari eusten zaio. Guztiarekin ere, aurkitzaile zein jabe horiek bete ez dituztenean jakinarazpen eta emate betebeharrak, sari hori jasotzeko eskubidea galtzen dute, eta objektuak Administrazio eskudunaren esku geratzen dira; horrezaz aparte, erantzukizun bidezkoak eskatu eta zehapen egokiak jar daitezke (44. art.).

13. AGIRI ZEIN BIBLIOGRAFI ONDAREAREN ARTATZE ETA ERABILTZEA: ARTXIBO, LIBURUTEGI NAHIZ MUSEOAK Ondasun horien artapena errazteko neurri gisa, estatuko Administrazioak gainerako Administrazio eskudunekin elkarlanean aritu eta ondokoak eratu behar ditu: batetik, agiri ondarea osatzen duten ondasunen zentsua eta, bestetik, bibliografi ondarea osatzen dutenen katalogo kolektiboa. Orobat, Administrazioak ondasunen titularrei ondasun horiek aztertu ahal izan eta informazio egokiak bidaltzea eska diezaieke. Aparteko garrantzia duten ondasunak histori ondareko ondasun higikorren inbentarioko sekzio berezian sartzen dira (16/1985 Legearen 51 eta 53. art.ak, eta 111/1986 Errege Dekretuaren 33.etik 39.era artekoak). Ondasunen titulartasuna pribatua denean, hurrengo arau, betebehar eta eginbeharrak aplikatzen zaizkie ondasun horiei: histori ondareko ondasun higikorrak xedatu, esportatu zein inportatzeari buruzko arauak; ondasun horien artapen nahiz babesaren edota artapena eragozten ez duen erabileraren inguruko betebeharrak; eta, azkenik, ondasunok leku egokietan edukitzeko eginbeharra. Horiek guztiak ez gauzatzearen zehapena derrigorrezko desjabetzapena da. Horrez gain, titularrek ahalbideratu behar dute, batetik, erakunde eskudunek ondasun horiek ikuskatu ahal izatea eta, bestetik, ikertzaileek (eskabide arrazoitua eginez gero) ondasunon azterketa egitea. Eginbehar hori betetzeko, titularrak ondasuna artxibo nahiz liburutegi publiko batean gordaila dezake aldi baterako. Hori gorabehera, betebehar horrek titularraren zenbait eskubi-


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.