295 tzuez esanik, interes horretan oinarrituta, Administrazio eskudunak kultur intereseko ondasunak derrigorrean desjabetu ahal izango ditu. Ahalmen horrek, alabaina, badu beste alderik: herri botereek euren esku dagoen guztia egin behar dute kultur intereseko ondasunak artatu, sendotu eta hobetzeko. Horren ildotik, ondasun horiei ezin dakieke tratamendu berezirik aplikatu, erakunde eskudunen beren beregiko baimenik ez dagoen bitartean (36.4 eta 39.1. art.ak). Ikus daitekeenez, legegileak eginbehar horiek zinez eragingarriak izan daitezen nahi du eta, kezka hori dela bide, legean bertan jaso ditu ondasunen artatze nahiz zaharberritzearen inguruko arau zein irizpide teknikoak: a) Ondasun higiezinen kasuan, artapen jardueren helburua ondasun horiek zaindu, sendotu eta zaharberritzea izaten da. Horrezaz aparte, ahal den heinean, jarduera horiek oztopatu behar dituzte ondasunok berregiteko ahaleginak, salbu eta berregite horretan, ondasunon jatorrizko zatiak erabiltzen direnean, eta zati horien kautotasuna froga daitekeenean. Ondasunaren egonkortasun zein iraupenerako behar-beharrezkoak diren material edo zatiak gehituz gero, gehikuntza horiek aintzat hartzeko modukoak izan behar dira, eta nahaste mimetikoak eragotzi behar dituzte (39.2. art.). b) Zaharberritzeek aro guztietako ekarpenak errespetatu behar dituzte eta, ekarpenen bat kendu nahiz izanez gero, salbuespeneko baimena izan behar dute. Edozelan ere, aldaketa hori egiteko, beharrezkoa da, batetik, kendu nahi diren osagaiek ondasuna modu nabarian degradatzea eta, bestetik, kentze hori nahitaezkoa izatea ondasunaren interpretazio historikoa errazago egiteko (39.3. art.).
11. ADMINISTRAZIOAK ERABILTZEN DITUEN AHALGOAK JABEGOA KENTZEKO. DERRIGORREZKO DESJABETZAPENAK ETA EROSLEHENTASUN NAHIZ ATZERA-ESKURATZE ESKUBIDEAK Espainiako histori ondareko ondasunen eraentzak zenbait ahalmen xedatu ditu ondasun horien titulartasuna erakunde publikoei eskualdatzea errazteko. Hartara, nahikoa zabal arautu dira derrigorrezko desjabetzapen ahalgoa zein Administrazioaren eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideak. Derrigorrezko desjabetzapen ahalgoa egikaritu ahal izateko, hurrengo zioren bat egon behar da: gorago aipaturiko erabilpen eginbeharra ez betetzea; ondasuna suntsitu nahiz narriatzeko arriskua egotea; edota, azkenez, ondasuna bere balioarekin bat ez datorren moduan erabiltzea. Arrazoi beragatik derrigorrean desjabetu ahal dira, nola kultur intereseko ondasunen begiespena oztopatu edo begiespen horri nahasmendua eragiten dioten ondasun