Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 294

294 gero, ondasunoi eraentza orokorra aplikatuko zaie (16/1985 Legearen 32. artikulua). Amaitzeko, Espainiako histori ondareko ondasun higikorrak estatuarenak direnean, ondasun horien eta histori balio nahiz esangura duten beste batzuen arteko trukaketa egin daiteke. Trukaketa hori onesteko, San Fernandoko Historia nahiz Arte Ederren Akademiek eta Espainiako Histori Ondarea Kalifikatu, Baloratu nahiz Esportatzeko batzek trukaketaren aldeko txostena eman behar dute (34. art.).

10. ERAKUSTEKO NAHIZ ARTATZEKO EGINBEHARRAK Espainiako histori ondareko ondasunen jabeei —jabe publikoak nahiz pribatuak izan— ezarri zaizkien oinarrizko eginbeharrak bi dira: lehenik, ondasun horiek erakustea, Administrazioak eginiko planen arabera; bigarrenez, ondasunok artatzea. Erakusteko eginbeharrarekin hasteko, legeak xedaturik du Espainiako Histori Ondarearen Kontseiluak onetsitako planak betetzerakoan, herri zerbitzuek zein Espainiako histori ondareko ondasunen titularrek ere euren laguntza eskaini behar dutela. Horretara, helburu hauek lortzen dira: alde batetik, hiritarrek ondasun horiek errazago ezagutu ahal izatea; bestetik, zerbitzuen arteko komunikazioa suspertzea; eta, azkenez, ikerketa zientifiko nahiz teknikoa garatzeko behar den informazioa bultzatzea. Kultur intereseko ondasunak nahiz inbentarioetan inskribaturikoak erabili ahal izateko, bestalde, bermatu behar da ondasun horiek artatzea komenigarri egiten duten baloreak ez direla arriskuan jarriko. Erabilerak aldatu nahi izanez gero, erakunde eskudunen baimena behar da (35 eta 36.2. art.ak). Ondasun horiek artatu, mantendu eta zaintzeko eginbeharra, ordea, xeheago arautu du legeak. Eginbehar hori, eskuarki, ondasunen jabeek bete behar dute, baina eskubide errealen titularrek edo ondasunon edukitzaileek ere eginbehar bera dute. Jabeek ez dituztenean betetzen eginbehar horiek, Administrazioak interesatuei agindeia egin eta eginbeharrok sorospidez betetzeko agin dezake. Orobat, aurrerakin itzulkor izaera duen diru-laguntza eman dezake Administrazioak eta, ondasun higiezinen kasuan, laguntza hori Jabetza Erregistroan inskribatu behar da. Horrez gain, Administrazio eskudunak berak egin ditzake beharrezko obrak, baldin eta horretara ondasunak hobeto artatzea lortzen bada. Salbuespen gisa, ondasun higikorrak zentro publikoetan gordailatzeko agin dezake, harik eta gordailatze hori eragin zuten inguruabarrak desagertu arte (36. artikuluko 1 eta 3. lerroaldeak). Erabilpen nahiz artapen beteberrak ez gauzatzea, bestalde, derrigorrezko desjabetzapena bidezkotzen duen gizarte intereseko karia da; beste hitz ba-


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.