290 tur intereseko adierazpena izan dutenetan. Halaber, horrelako adierazpenik egin ez denean ere, Administrazioak modu berean jarduteko ahalmena du, baldin eta arte, historia, paleontologia, arkeologia, etnografia, zientzia nahiz teknika intereseko baloreak daudela uste badu. Horrelako kasuetan, Administrazioak hogeita hamar egun balioduneko epea du hasitako obra nahiz esku-hartzea jarraitzearen aldeko ebazpena emateko; bestela, ondasunaren kultur interesa adierazteko espedienteari eman behar dio hasiera (37. artikuluaren 1 eta 2. lerroaldeak). —Edozein modutara ere, ezin daiteke inoiz ondasun higiezinik errautsi, aurri adierazpena eta Administrazio eskudunaren baimena irmoak izan arte; horren harira, Administrazio horrek ez du horretarako baimenik emango gutxienez bi kontsulta organoek errauspenaren aldeko txostena eman arte (24.2. artikulua). —Hur-hurreko presa edo arriskua dagoenean, aurri espedientea hasi duen erakundeak neurri egokiak hartu edo agindu behar ditu, pertsonei kalterik ez eragiteko. Ezinbestearen ondorioz nahitaez egin behar diren obrak direla eta, ondasun higiezina iraunarazteko behar-beharrezkoak diren errauspenak bakarrik egin daitezke. Are gehiago, errauspen horiek gauzatzeko, erakunde eskudunaren baimena behar da eta, horrez gain, sarri askotan, gorde edo kendu egin diren osagaiak berriro jarri behar dira (24.3. art.).
9. ONDASUN HIGIKORREN ERAENTZA. ESPORTAZIO ETA INPORTAZIOA Azaldu dugun moduan, histori ondarea osatzen duten ondasun higiezinen oinarrizko eraentza ondasunok duten kultur intereseko izaeraren ondorio da. Ondasun higikorrena, ordea, kategoria eta eraentza juridiko horretatik at geratzen da, ikusi ditugun salbuespenak kenduta. Garrantzi berezia duten ondasun higikorren oinarrizko eraentza honakoa da: legeak Espainiako histori ondarearen inbentario orokorrean dauden ondasunentzat ezarritakoa (legearen 26.1, eta araudiaren 24. eta ondorengo artikuluak). Inbentario horretan sartu ahal izateko, Administrazio eskudunak ondasunen jabeei agindeia egin behar die ondasunon azterketa ahalbidera dezaten eta informazio egokiak eman ditzaten. Jabeek eta eskubide errealen titularrek, berebat, ondasunak inbentario orokorrean sartzeko prozedura hastea eska dezakete, eskabide horrekin batera beharrezko agiri guztiak aurkeztuz gero (16/1985 Legearen 26.2 eta 26.3. eta 11/1986 Errege Dekretuaren 28. eta ondorengo artikuluak).