Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 286

286 erakunde eskudunaren baimena nahitaezkoa da. Etendura horren iraupena espedientea ebatzi edo iraungi den araberakoa izaten da (11 eta 16. art.ak). Kultur intereseko adierazpena egiteko prozeduraren tramitazioa, bestalde, hauxe da: lehen-lehenik, aurrerago zerrendatu ditugun kontsulta erakundeek —estatukoak zein autonomi erkidegokoak izan— adierazpen horren aldeko txostena egin behar dute (besteak beste, Espainiako histori ondareko ondasunak kalifikatu, baloratu eta esportatzeko batzek; errege akademiek; Espainiako unibertsitateek; Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak; eta, azkenez, 111/1986 Errege Dekretuaren 10. artikuluak aipatzen dituen estatuko Administrazioaren batza nagusiek edota, autonomi erkidegoen eremuan, izaera hori aintzatetsita duten batzek). Txostena eskatu eta hiru hilabete igaro badira inolako erantzunik jaso gabe, ulertuko da eskaturiko txosten hori kultur intereseko adierazpena egitearen aldekoa dela. Espedientea ondasun higiezinei buruzkoa denean —eta horixe izaten da kasurik arruntena—, jendaurreko informazioa egiteko epea zabaltzen da, eta udal interesatuari entzun behar zaio (legearen 9.2. artikulua, eta araudiaren 11.etik 13.era artekoak). Espedientea hasi eta gero, gehienez jota hogei hilabeteko epea dago ebazpena emateko. Ebazpen horrek xehetasunez deskribatu behar du ondasun ukitua. Ondasun higiezinen kasuan, ebazpenean adierazpenak ukitutako ingurunea mugatu behar da eta, bidezkoa izanez gero, ondasun higiezinaren zati osagarriak, ondasun horri dagozkionak eta, azkenez, ondasunaren zati erantsiak definitu eta zerrendatu behar dira (legearen 9.3 eta 11.2. art.ak, eta araudiaren 14 eta 15.ak). Bestalde, espedientea iraungi egiten da honako kasuan: hogei hilabeteko epe hori igaro eta berandutza salatu ostean, ebazpenik ematen ez denean salaketaren ondorengo lau hilabetetan. Behin espedientea iraungitakoan, ezin daiteke hurrengo hiru urteetan beste bat hasi, salbu eta titularrak eskatzen duenean (9.3. art.). Hortaz, adierazpen hori egiteko espedientea hastea nahikoa da, egiazko adierazpenak dakarren gehiegiko esku-hartzearen eraentza «behin-behinekoa» aplikatzeko. Gainera, behin-behineko eraentza horrek hogeita lau hilabete iraun dezake (ebazpena emateko dauden hogei hilabete, gehi berandutza salatzearen ondorengo beste lau), edota eperik gabekoa izan daiteke, ondasun ukituaren titularrak eskatzen ez badu espedientearen iraungitasuna adieraztea.

7. KULTUR INTERESEKO ADIERAZPENAK DITUEN ONDOREAK Ondasun batek kultur interesa duela adierazteak bi motatako ondoreak eratortzen ditu: ondore orokorrak eta ondasun higiezinei nahiz ondasun higikorrei buruzko ondore bereziak.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.