280
4. ESPAINIAKO HISTORI ONDAREA OSATZEN DUTEN ONDASUNEN MOTAK. ONDASUNOK BAKOIZTEKO PROZEDURA Espainiako histori ondarea osatzen duten ondasunak 1985eko Legeak arautzen ditu, eta ondasun horiek, aurrerago esana doan bezala, Franceschini Batzordeak aipaturiko civiltà balorea eratzen dute, ondasunok publikoak zein pribatuak izan. Espainiako Konstituzioak aiko-maikoetan ibili gabe ezarri du hori: «Herri botereek —badio 46. artikuluak— Espainiako herrien histori, kultur nahiz arte ondarearen artapena bermatu eta ondare horren zein bera osatzen duten ondasunen aberastasuna suspertu behar dute, euren eraentza juridikoa nahiz titulartasuna kontutan izan gabe». Begi-bistakoa denez, titulartasun desberdin horrek eragina du legearen eraentza juridikoan bertan, eta ondorio bereizle garbiak dakartza. Horrela, alde batetik, legeak demanioko bihurtu ditu arkeologi ondasun guztiak, ondasun horiek, meatzeak bezala, herri jabarikoak direla adierazita (44. art.). Bestetik, zenbait manu —berbarako, zerga-pizgarriak, ondasun higikorrak inportatu eta esportatzeari buruzko arauak, edota artapen nahiz erabilpen betebeharrak ez gauzatzearen ondoriozko aldez aurreko zehapenak— ezin zaizkie herri administrazioei aplikatu, administrazio horiek histori ondareko ondasunen jabeak direnean. Egin-eginean ere, administrazioen izaerak oztopatzen du, batetik, administraziook onurak ateratzea pizgarri haietatik eta, bestetik, legeak denontzat jarritako artapen zein erabilpen betebeharrak ez gauzatzearen ondorioz, zehapen isunak jartzea euren buruei. Ildo horretatik, eraentza juridikoaz denaz bezainbatean, legeak bi kategoria bereizi ditu: batetik, kultur intereseko ondasunak (kategoria hori ondasun higiezinen eraentzaren ingurukoa da, batik bat); eta, bestetik, «kultur interesik izan gabe, garrantzi berezia duten» ondasun higikorrak (garrantzi hori dela bide, 26. artikuluak dioenez, ondasun horiek Espainiako histori ondarearen inbentario orokorrean inskribatu behar dira). Arkeologi, etnografi eta agiri nahiz bibliografi ondareak osatzen duten ondasunak, berebat, modu berezian arautu dira kapitulu bananduetan. Lehenengoarekin hasteko, arkeologi ondarearen osagaiak honako ondasunak dira: arkeologiako metodologia erabilita azter daitezkeen historia izaeradun ondasun higiezin eta higikorrak, ondasunok lurretik aterata egon zein ez, eta lur gainean nahiz azpian, lurralde itsaso zein kontinenteko plataforman agertu. Halaber, gizakiaren historia, sorrera nahiz aurrekariekin zerikusia duten geologi nahiz paleontologi osagaiak ere ondare horren barruan sar daitezke (40.1. artikulua). Aurrerago esan dugun moduan, arkeologi ondarea