274 fendatzearen inguruko eskumen esklusiboa eta Estatuaren titulartasuneko museo, liburutegi zein artxiboei buruzkoaren gainekoa eratxiki zaionez —nahiz eta autonomi erkidegoek arlo horiek kudeatu ahal izan— (EKren 149.1.2 art.), jarduera babesle horren eremu zehatza arautu behar da eta, horrekin batera, jarduera horren aurrebaldintza diren aldeak». Horrenbestez, Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak dioenez, legea Konstituzioarekin bat dator. Hala ere, ondasunak kultur interesekoak direla ezartzen duen adierazpenari dagokionez, 9. artikuluaren 2. lerroaldeko azken tartekadura («Errege Dekretuaren bidez eta bakanka») ondoko kasuan bakarrik da Konstituzioaren araberakoa: adierazpen hori Estatuko Administrazioak egin behar duenean, hau da, 6.b) artikuluak jasotako kasuetan. Edu berean, Auzitegiak erreserbak azaldu ditu 49. artikuluaren 5. lerroaldeari buruz. Artikulu horretan, Administrazioak egin dezakeen beste adierazpen bat aipatzen da, hain zuzen ere, orokorrean eskaturiko antzinatasuna izan ez arren, agiri ondareko ondasuntzat har daitezkeen agiriei buruzko adierazpena. Egintza horren garrantziak ez du alderik gorago aipaturiko 9. artikuluaaren norainokoarekin, baina, auzitegiaren iritziz, harrapaketaren nahiz esportazioaren aurkako defentsak —edo beste edozein tituluk— ezin dezake bidezkotu artikulu hori, beraren bidez estatutuek orokorrean ezarritakoa hautsi eta estatuari eratxikitzen zaiolako eskumena.
2. LEGERIAREN BILAKAERA Arlo honetan Espainian indarrean dagoen legearen aurretik, legeriak bide luzea egin du. Legearen zioen azalpenari eutsiz gero, ordea, bide hori 1933ko maiatzaren 13ko Lege «ohoragarriak» bakarrik osatu du, lege horretako protagonistak «Espainiako tradizio intelektual, juridiko eta demokratikoaren» ordezkaririk onenak izanik. Zernahi den ere, 1985eko legegilearen baieztapen horrek ez du inolako zerikusirik errealitatearekin. Egin ere, legegile horrek demokraziaren aurkako akats nabaria egin du: beharrizanik gabe, errealitatetik aldendu da demokrazia babesteko, eta errealitatetik aldendu dela diogu historia eta arte altxorrak babesteko tekniken jatorri modernoa Zuzenbide pontifizioak eratorri duelako. Arean bere, Zuzenbide horrek Italiako legerian izan zuen eragina, eta Italiakoak, berebat, Espainian indarrean dagoen legean. Hortaz, Espainiako legea ez da batere orijinala, Italiako 1939ko ekainaren 29ko Legean eta Franceschini Batzordeak 1966an emandako txostenean oinarritu baita. Horrez gain, Errepublikaren 1933ko Legea nahi den bezain «ohoragarria» izan daiteke, baina 1926ko abuztuaren 9ko Errege Dekretu-legearen nagusitasun teknikoa eztabaidaezina da.