Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 270

270 1. ESPAINIAKO HISTORI ONDAREA. ONDARE HORI OSATZEN DUTEN ONDASUNAK Espainiako Histori Ondarea ekainaren 25eko 16/1985 Legeak arautzen du, eta lege hori urtarrilaren 10eko 111/1986 Errege Dekretuak garatu du. Lehen, ondare hori histori eta arte ondarea deitzen zen, edota estatuaren arte altxorra, baina 1985eko Legeak histori ondare adierazmoldea erabili eta ondoko ondasunak ere horren barruan sartu ditu: arte, historia, paleontologi eta arkeologi nahiz etnografi intereseko ondasun higiezin zein higikorrak, eta interes zientifikoa edo teknikoa dutenak. Halaber, lege horrek adierazi du ondare horren zati direla agiri zein bibliografi ondareak, arkeologi meatoki zein aldeak, eta arte, historia edo antropologi balioa duten toki natural, lorategi eta parkeak (1.2. art.). Legearen helburua ondare hori babestu, zabaldu eta bihar-etziko belaunaldiei eskualdatzea da. Horretara, Konstituzioaren 46. artikuluko agindua bete nahi da: «Herri botereek Espainiako herrien histori, kultur nahiz arte ondarearen artapena bermatu eta ondare horren zein bera osatzen duten ondasunen aberastasuna suspertu behar dute, euren eraentza juridikoa nahiz titulartasuna kontutan izan gabe. Zigor legeak zehatuko ditu ondare horri egindako erasoak». Nolanahi den ere, legeak ez du nahikoa izan artapen hutsarekin, eta hiritar guztiak histori ondarea osatzen duten ondasunei hurbiltzea suspertu nahiz babestu nahi izan du (2. art.). Zioen azalpenak diharduenez, legeak ezarritako neurri guztien azken helburua —hots, neurriok bidezkotzeko helburua— hauxe da: neurri horien eskutik, «gero eta hiritar gehiagok ikusi zein gozatu ahal izatea herri baten gaitasun kolektiboaren jaraunspena den lana». Ikus daitekeenez, histori ondarea definitzean, legeak zein Konstituzioak ez dute kontutan izan ondasunen titulartasuna publikoa ala pribatua den. Inguruabar horrek eta kontzeptuaren zabaltasunak erakarri dute eraentza juridiko anitz egotea, baina eraentza anitz horien bidez, helburu baterakoi hauek lortzen dira: gorago aipaturiko babes, artapen eta gozamen kolektiboa. Ildo horretatik, legearen zioen azalpenak ohartarazi du babes nahiz susperketa neurri horiek ez dutela eragin bera histori ondarea osatzen duten ondasun guztien gain. Horrela, legeak lehenengo maila eratu du (hots, Administrazioaren esku-hartzeak izan beharreko gutxieneko maila), eta hori histori ondarea osatzen duten ondasun higikorrei aplikatzen zaie, batik bat. Lehen mailaren inguruan, legearen oinarrizko neurriak egituratu eta Estatuko Administrazioaren eskumenekoak diren esku-hartze teknikak zehaztu dira, batez ere, ondasun horien defentsa, esportazio ez-zilegien aurka; edota euren babesa, harrapaketen kontra. Gero, eraentza horren gainetik, beste bat eratu da. Bigarren horren helburua kultur intereseko ondasunak modu berezian babestea da


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.