264
RAMÓN PARADA
Behin-behineko edo behin betiko erreserba guneak aprobetxatzeko epea ezin daiteke izan meak arakatu eta ikertzeko baimenena eta horiek ustiatzeko emakidena baino luzeagoa (8.2. art.). Industria eta Energi Ministerioak proposatu eta gero, Gobernuak dekretuaren bidez erabaki behar du zeintzuk diren erreserba guneak. Gune jakin bat erreserba gune dela adierazi bada, eta erreserba guneetako baliabideak aprobetxatzeko eskabideak erreserbaren proposamena Meatzeen Zuzendaritza Nagusiaren erregistro-liburuan inskribatu eta gero aurkeztu badira, orduan kitatu egiten dira eskabide horiek (9. art.). Edonola ere, erreserbak ez ditu ondokoak mugatzen: baliabideak miatu eta ikertzeko baimenen edota horiek ustiatzeko emakiden titularrek nahiz eskatzaileek proposamena inskribatu aurretik eskuratutako eskubideak (10. art.). Estatuak mea baliabideen erreserbak izan arren, norbanakoek eska ditzakete erreserba guneetako baliabideak miatu eta ikertzeko baimenak, eta horiek ustiatzeko emakidak. Maiatzaren 2ko 1.009/1968 Dekretuaz geroztik, norbanakoen ekimena suspertu nahian, erreserba guneetako baliabideak ahalbideratu ziren, nahiz eta horiek emakida eragin zutenetarikoak ez izan. Titulu horiek lortzeko, eskatzaileek baldintza berezi eta beharrezkoak bete behar dituzte, euren lanek erreserba guneko baliabideen ikerketa eta ustiapenari enbarazurik egin ez diezaieten. Estatuarentzako erreserbak kentzen direnean, titularrek ez dituzte zertan bete erreserbaren berezko mugapenak. Bestalde, titularrek eskura ditzakete ordura arte erreserbaturiko baliabideak ikertu eta ustiatzeko eskubideak (Meatzeei buruzko Legearen 15. art.). Erreserba guneak dauden bitartean, estatuak gune horietako baliabideak mia, iker edo ustia ditzake. Honela egin ditzake estatuak miaketa, ikerketa eta ustiapen lanak: zuzenean edo autonomiadun erakundeen bitartez, enpresei lehiaketa publikorako deialdia eginez, eta estatuaren eta erakunde horien arteko partzuergoen bidez (11. art.). Erreserbak ezarri dituen agintariak edozein unetan ken ditzake erreserbok, kasuan kasuko adjudikazioaren titularrak adostasuna eman eta gero (14. artikulua).
12. MEATZARITZAKO ZERGEN INGURUKO GAIAK ETA ESPAINIA EUROPAKO ERKIDEGOEI ATXIKITZEAREN ONDOREAK Meatzeen eraentza juridikoaren azalpena biribiltzeko, elkarren arteko zerikusi handia duten oinarrizko arazo bi aztertzea komeni da, nahiz eta arazook Administrazio zuzenbidearen berezko gaiak ez izan. Hauexek dira arazo horiek: meatzeen zergatasuna; eta Espainia Europako Erkidegoetan sartzeak Meatzaritza zuzenbideari ekarri dizkion ondoreak.