Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (1)

Page 25

ADMINISTRAZIOAREN ONDASUNAK. OINARRIZKO ERAENTZA

25

Gainerakoan, estatuko Administrazioak bere ondasun ororen inbentarioa egin behar du, eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioak bere ardurapean jaso ohi du inbentario hori: Estatuaren Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Nagusia (Estatuaren Ondareari buruzko Legearen 6. art.). Taxu berean, toki korporazioek euren ondasun eta eskubideen inbentarioa egin behar dute, edozein izanda ere ondasun eta eskubideon izaera edota horiek eskuratzeko modua. Toki korporazioen inbentarioak bereizirik egon behar dute korporazioari loturiko erakundeek edota berezko nortasuna duten establezimenduek eginiko inbentarioetatik. Inbentarioan ondoko ondasunak bereiz agertu behar dira, euren izaera juridikoa gogoan izanik: ondasun higiezinak; eskubide errealak; balio historikoa, artistikoa edota diru balio handia duten ondasun higikorrak; higikorren baloreak; korporazioaren kredituak nahiz eskubide pertsonalak; ibilgailuak; abereak; ondasunak eta lehengoratze eskubideak (Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 17.etik 36.era bitarteko artikuluak). Herri onurako katalogoek ondore juridiko zuzenekoagoak dituzte. Horren erakusgarri da mendi legeriak jasotako katalogoa. Geroago aztertuko dugunez, ondasun bat herri onurako katalogoan sartzeak hauek dakartza: katalogoan titular moduan ageri denak titularra delako iuris tantum presuntzioa izatea eta norbanakoen edukitza akzioak zokoratzea (Mendiei buruzko Legearen 10. artikulua).

B) Ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzea Lehenago aipatu bezala, eta geroago zehatz-mehatz ikusiko dugunez, Administrazioak ahalgo zabalak ditu, bere ondasunen jabetza nahiz edukitza babesteko. Hala ere, ez die beste babesei muzin egiten. Labur bilduz, ondasun higiezinen jabetza pribatua Jabetza Erregistroan inskribatzean, ondasunen babesa eta beste abantaila batzuk lortzen ditu Administrazioak, eta erabiltzen ditu abantaila horiek ere: adibidez, edukitza duelako presuntzioa, gainontzeko hipotekarioaren izaera eta Hipoteka Legearen 41. artikuluan oinarrituz inskribaturiko ondasunak defendatzeko judizio sumarioak. Hori ikusirik, ondasunak inskribatzeko betebeharra ezarri dio legeriak Administrazioari. Ekonomia eta Ogasun Ministerioa da estatuaren ondasunak inskribatzeko eskuduna. Ministerio horrek inskribatzeko moduko ondasunak inskribatzen ditu eta, horretarako, bere ondare zerbitzuez baliatzen da. Halatsu dio toki legeriak ere, toki korporazioen ondasunak jasotzean eta hipoteka legeriara jotzen du (Estatuaren Ondareari buruzko Legearen 42. artikulua eta Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 36. artikulua). Inskribatzeko moduko ondasunak dira hauek guztiak: ondare ondasunak, horien gaineko eskubide erreal guztiak eta herri jabari kalifikazioa jaso duten


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.