252
RAMÓN PARADA
Meaurak aprobetxatzeko baimenek edo emakidek bakarreko erabilpena ahalbideratzen diete horien titularrei. Horrez gain, titularrek eragotz dezakete, euren lurren babespeko perimetroan, ohiko aprobetxamenduari enbarazu egin diezaioketen lanak edo jarduerak gauzatzea (28.1. art.). Legeak ez du baimen eta emakiden eperik arautu. Ur pribatuen izaera kontutan izanik, ulertzekoa da baimenentzako eperik ez jasotzea; horrez gain, baimena ez da jabetza, ez eta aprobetxamendua eratzeko titulua, baizik eta osasun eta segurtasun arrazoiak direla-eta lortu beharreko polizi baimena. Ulertzekoa da, orobat, legeak eperik ez jasotzea herri jabariko meauren emakidentzat; izan ere, Urei buruzko 1879ko Legeak ez zuen eperik ezarri, uren emakidak arautzean. Gaur egun, uren emakidak, gehienez ere, hirurogeita bost urterako ematen dira (Urei buruzko 1985eko Legearen 57. art.). Haatik, meaurei ez zaie aplikatzen Urei buruzko Legea; hortaz, emakidarentzako eperik jaso ez denean, zentzuzkoagoa dirudi emakidak laurogeita hemeretzi urterako emateak. Beste hitz batzuekin esanteko, Estatuaren Ondareari buruzko Legearen 126. artikulua aplikatuko litzateke.
7. MEATZARITZAKO JARDUEREN ONDORIOZ SORTUTAKO HONDAKINAK ETA LURPEKO EGITURAK Meaurez gain, Meatzeei buruzko 1973ko Legearen B) sekziora biltzen dira honakoak ere: legean jasotako jardueren ondorioz sortu diren hondakinen metaketak, hondakin horiek aprobetxatzeko modukoak direnean. Lehenago A) sekzioan sartzen ziren sarrategiez ari gara. B) sekzioan sartzen dira lurpeko egiturak ere. Meatze eskubideak egikaritzean, ikerketa, miaketa edo ustiapen lanetan lortutako hondakin solido edo sarrategiak sortu badira, orduan eskubide horien titularrak du hondakinak aprobetxatzeko eskubidea (31. artikulua). Titularrek ez dute beste titulurik behar aprobetxamendu hori aurrera eramateko, jarduera osagarria besterik ez baita baliabide horien aprobetxamendua. Bada, aprobetxamendu hori azpiekoizkin baten ustiapena da eta meatzaritzako jarduera nagusiaren zereginetarako planean sartu behar da. Kontuak kontu, titularrak eskualda dezake bazterreko aprobetxamendu hori. Horretarako, baldintza hauek bete behar dira: lehenik, Administrazioak adierazi behar du bazterreko aprobetxamendua aprobetxamendu nagusitik bereizirik biltzen dela B) sekziora; bigarrenez, jendaurreko informazioaren tramitea bete eta gero, Administrazio eskudunak kasuan kasuko baimena eman behar du. Hondakin horiek iraungitako meatze eskubideen bidez okupatu diren lurretan kokaturik egon daitezke; kasu horietan, lur horien jabeari edo lege